Sancti Spiritus unibertsitatearen fatxada nagusia argiztatzeko lanak egingo dira
Sancti Spiritus unibertsitatea argiztatzen duen azpiegitura itzalita dago aspalditik, arazoak ematen dituelako. Martxan jarri arren automatikoak salto eta itzali egiten da eta lurreko nahiz pareko horman dauden fokoetatik gutxi batzuk mantentzen dira piztuta.
Herriko monumentu garrantzitsuenetakoa da unibertsitate zaharra, duen balio artistiko, historiko eta arkitektonikoagatik. Turismoa erakartzen duen puntu esanguratsuenetakoa ere bada Oñatin eta ondorioz, barrutik zein kanpotik argiztapen sistema berezia eskatzen duena. Argiteria ornamentalak dituen irizpideak oinarri, eraikina bere osotasunean hartuko duen argiztatze proiektua egin beharko litzateke. Udalak eta Foru Aldundiak argiztapena nork eta nola egin zehazten duen hitzarmena sinatu zuten orain urte batzuk dela, eguneratu egin beharko litzateke aipatu proiektua osatzeko. Baina xehetasun horiek lotu bitartean, behin behineko konponbidea ematea erabaki du udalak, sei proiektore jarri eta fatxada nagusia argiztatzeko.
Ezaugarri ezberdinak dituzten sei proiektore eskatu dira eta materiala jaso bitartean, instalazioa prestatzen hasi da udaleko elektrizitate teknikaria. Lanak, udal langileek egingo baitituzte. BERDIN enpresari egin zaio material eskaera, BEZik gabe 938 euroren truke, eta proiektoreak jaso bezain pronto instalatuko dira unibertsitate zaharraren fatxada nagusiak behar eta merezi duen argiztatzea izan dezan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!