Oñatiko udala

Sancti Spiritus unibertsitatean lanean ari dira, birgaitze lanetarako irudiak hartzen

2024/10/17
Card image cap
Eraikin historiko honetan egin beharreko esku-hartzea zehaztasunez eta xehetasunez definitzea da helburua

  Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze-lanetarako oinarrizko lanak egiten hasi dira, astean. Proposamen teknikoa osatzeko irudiak hartzen ari dira; fatxada nagusiaren eta klaustroko lau fatxaden altxaera ortofotografikoa egiten ari dira, erliebeak, dorreen edo kontrahormen alboak, horma-hobiak eta irudiak barne hartuta. Gipuzkoako Foru Aldunditik bideratu diren lan hauek zaharberritzeko proposamen tekniko baten baitan txertatuko dira, eraikin historiko honetan egin beharreko esku-hartzea zehaztasunez eta xehetasunez definitzeko.

  Petra enpresa espezializatua ari da laginak hartzen, eraikinean dauden narriadurak karakterizatzeko. Horrela, esku-hartzeko probak egiteko eremuak hautatuko dira eta proba horiek egin ondorengo emaitzak laborategian egiaztatuko dira. Etorkizuneko esku-hartzeetan erabiltzea komeni diren teknika eta produktu egokienak zehaztu nahi dira. Orain bildu eta kontrastatzen den informazio guztia eraikinaren birgaitze integralerako lanen proiektuan jasoko da. Proiektu hori aurten egingo zela agindu zuen Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako buruak Batzar Nagusietan, iazko abenduan. Azahara Dominguez bera Oñatin izan da, Izaro Elorza alkatearekin, egiten hasi diren lanen berri emanez.

  Sancti Spiritus unibertsitatea XVI. mendeko eraikina da. Balio historiko-artistiko handia du eta azken mendean sei esku-hartze nabarmen egin dira bertan. Eraikinaren azken birgaitze integrala 1993an egin zen eta geroztik, 60 mantentze-lan baino gehiago egin dira. Hala ere, bereziki fatxada nagusiak hondatze progresiboa izan du, eta, ondorioz, sarrera gaineko hainbat harrizko elementu jausi egin ziren, 2022ko abuztuan.

  Eraikina birgaitzeko Foru Aldundiaren asmoekin batera, Udalak ere eraikinaren funtzionalitatea eta hezkuntzarekin beti izan duen lotura areagotu nahi du, Turismo bulegoa bertara aldatu eta ikasketa gelak egokituz. Horrekin, unibertsitatearen berezko izaera eta balioa indartuko direla eta herriko zenbait beharrei erantzungo zaiela esan du Izaro Elorza alkateak, espazioaren erabilgarritasuna handitu, eguneroko erabilera natural bat ahalbidetuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!