Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitu eta turismo bulegoa egokitzeko proiektuaren idazketa eta lanen zuzendaritza esleipenera atera du Foru Aldundiak

Unibertsitate zaharraren birgaitze lanek hainbat helburu dituzte: eraikinaren portada nagusiaren eta alboko dorre bereizgarrien zaharberritze zientifikoa, erabilera berrirako espazioak egokitu eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzea. Klaustroaren fatxadak, arkuak, gargolak, armarriak eta medailoiak eta, oro har, landutako elementu guztiak zaharberrituko dira. Kanpoko gainerako paramentuak ere tratatuko dira, beira-hautsa jaurtiz, andelak eta kolonizazio biotikoak ezabatu eta kare-morteroz hartzeko. Teilatua berrituko da eta isolamendua jarriko da; hezetasun eta ur-sarrera fokuak ezabatu edo murrizteko jarduerak egingo dira eta beheko solairuan, esaterako, zoladura iragazgaiztuko da; kaperan antzeman den gehiegizko hezetasuna murrizteko neurriak hartuko dira eta gargoletatik isurtzen diren euri urak bideratzeko aukerak aztertuko dira, zipriztinak saihesteko.
Erabilera berrietarako espazioak ere egokituko dira, hala nola, turismo bulegoak eta ikasketa gelak eta, aldi berean, eraikinaren irisgarritasun unibertsala bermatzeko neurriak hartuko dira eta, besteak beste, igogailua jarriko da. Baina egikaritze proiektuak, eraikuntzaren eraginkortasun energetikoaren hobekuntza eta jasangarritasuna ere kontutan hartu beharko ditu, Foru Aldundiak osatu duen lizitaziorako oinarrien arabera.
Unibertsitateko birgaitze lanen egikaritze proiektua idazteko lau hilabeteko epea zehaztu da eta lanak esleitu ondoren, hauek 12 hilabetetan egitea aurreikusten da, izan ere, orain zabaldu den lizitazioan lanen zuzendaritza jaso da eta urtebeteko epea finkatu da. Esleipenerako gehienezko aurrekontua 547.461 eurotan mugatu du Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde antolaketarako departamentuak. Pproposamenak apirilaren 4ra bitartean aurkeztu daitezke; eskaintza ekonomikoa eta ingurugiro irizpideek 51 puntu emango dituzte eta lanen memoria txostenak beste 49 puntu.
Sancti Spiritus unibertsitatea zaharberritu eta turismo bulegoa bertan egokitzeko lanetarako ia 3 milioi euroko dirulaguntza lortu zen Next Generation funtsetik.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!