Oñatiko udala

San Vicente de la Barquerako lehiaketan parte hartuko du Hots Abesbatzak bihar

2024/07/05
Card image cap
Estatuko sei abesbatza arituko dira 55. marinel-abestiaren lehiaketan

  Kantabriako San Vicente de la Barquera itsasertzean dago eta hori nabarmena da herrian ospatzen den abesbatzen lehiaketan, partaideek abestu beharko dituzten hiru kantuetatik bitan, itsasoa erreferente delako. Partaide guztiek Julio Dominguezek moldatutako Viento del mar sinfónica lana abestu beharko dute eta aukeran duten obretako batek ere itsasoarekin edo herriko errepertorioarekin harremana izan behar du. Hirugarrena, guztiz librea izango da.

  Estatuko sei abesbatza lehiatuko dira San Vicente de la Baqueran, bihar: Hots abesbatza, Madrilgo Las Veredas de Colmenarjo eta El coro de voces graves, Guadalajarako Evuah Ensemble Vocal, A Coruñako Gaos abesbatza eta Asturiasko Ferrum de Luanco-Gozon. Aipagarria da ahots zuri, grabe eta mixtei dagozkien bina abesbatzek parte hartuko dutela, lehiaketaren 55 urtetan lehenengo aldiz.

  Nuestra Señora de los Angeles elizan izango da lehiaketa, bihar, 19:00etatik aurrera. Oñatiarrak laugarrenak izango dira kantatzen. Guztiek hiru abesti eskainiko dituzte, aipatu bezala; lehena derrigorrezko obra izango da, bigarrena, itsasoarekin lotura duen doinua eta aukeran, libre duten abestia, hirugarrena.

  Hots abesbatzakoak pozik doaz San Vicente de la Barquerara, hirugarren aldiz lehiaketa batean parte hartzera. Gogoratu, 2022an Zaragozako Ejea de los Caballerosen egon ziren eta iaz Italiako Arezzon. Oraingoan ere ahalik eta hoberen kantatu eta lehiatzea dute helburua eta, ahal bada, Gran Premio Nacional-erako txartela eskuratzea, baina horretarako, Kantabrian irabazi egin behar dute.

  55. Cancion Marinera lehiaketan 5 sari banatuko dira: lehenengo hiru sailkatuek urre, zilar eta brontzezko itsas-lira eskuratuko dute, sari ekonomikoarekin batera, eta derrigorrezko obraren interpretazio hoberena saria eta entzulearen saria ere emango dira. Saritan 8.500 euro banatuko dira guztira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!