Oñatiko udala

San Migelak ospatzen hasi dira San Martin egoitzan

2024/09/26
Card image cap
Bazkari bereziak, taloak, bingoa eta musika emanaldiak antolatu dira herriko jaiak ospatzeko

  Haurren danborradako hainbat ordezkariren bisita izan zuten San Martin egoitzan eta hainbat martxa eskaini zizkieten danbor eta barril jole gaztetxoek, larunbatean. Ez da ordea, San Martingo egoiliarrek jasoko duten bisita bakarra, astelehenean, Acordes navarros taldeak emanaldia eskainiko baitie, Lazarragako lorategian egingo dutenaren aurretik, eta urriaren 4an, Pake Lekuko dantza taldea ere bertaratuko da, dantzalditxoa egitera. San Migel eta Errosaixo domeketan menu berezia prestatuko zaie bazkaltzeko eta Herri Egunean ere, taloak dastatzeko aukera izango dute. Bezperan, bolo txapelketa izango dute eta ostiral honetan, bingo berezia. San Martin egoitzako egoiliarrek ere herriko jaixak modu berezian ospatu ditzaten propio antolatu den egitaraua da.

  Bestalde, pasa den larunbatean, irailaren 21ean, Alzheimerraren eguna izan zela bereziki gogoan hartu dute San Martingo egoiliarrek eta Eguneko Zentroko erabiltzaileek. Eguna aipatzen duten irudiak eta Oñatiko argazki zaharrak erabiliz orri-markatzaileak egin dituzte eskulanetan eta euro batean salgai jarri dituzte egoitzan. Salmentatik lortutako dirua AFAGIri, Alzheimer gaixo eta familien elkarteari emango zaio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!