Oñatiko udala

San Martingo aisialdi ortuen zozketarako behin-behineko zerrenda argitaratu da

2023/04/25
Card image cap
87 eskaera jasota, 85 onartu eta bi baztertu dira, epez kanpo aurkeztu zirelako

  Hasieran 84 ortu esleituko zirela zabaldu zen arren, ZEHAR elkarteak bakarra beharko duela adierazi dio Udalari eta, ondorioz, hartarako erreserbatutako hiru libre geratuko dira, herritarrek landatu ditzaten. 87 dira, beraz, erabiltzaile berri zain daudenak San Martingo baratze parkean eta, okerrik ezean, eskaera epe barruan egin duten herritar guztiek halako bat jasoko dutela esan genezake. Bi eskaera baztertu egin dira, epez kanpo aurkeztu zirelako. Baina argitaratu den zerrenda behin behinekoa da. Horrek esanahi du alegazioren bat egon litekeela. 10 laneguneko epea dago erreklamazioak aurkezteko. Behin epe hori beteta eskatzaileen behin betiko zerrenda argitaratuko da eta zozketarako eguna ere jakinaraziko da. Onartu eta baztertuen zerrendak udaletxeko iragarki taulan daude ikusgai.

  2014ko azaroan onartu zen aisialdiko baratze ekologikoak erabiltzeko udal araudia. Ortuen erabilera baimenak urtebeterako ematen badira ere, lau urtera arte luzatu daitezkeela dio araudiak. Hala, 2019an egin zen aurreko deialdi orokorrean esleitutakoen erabilpen baimena pasa den martxoaren 11an iraungi zen.

  Ortua eskuratzen duten herritarrei tasa txiki bat kobratuko die udalak urteko errenta kontzeptuan, iaz 5,24 euro izan zen. Horri, San Martingo ortuen erabiltzaileen elkarteak kobratzen duen 70 euro inguruko kuota batu beharko zaio, erabiltzaileen elkarte hori arduratzen baita baratze parkeko gune eta tresneria komunen kudeaketaz. Auzolan saioak, formakuntza ikastaroak eta bestelakoak ere antolatzen ditu elkarteak. Baina guzti horren inguruko informazioa emango da ortuen zozketarako egiten den batzarrean. Eguna oraindik finkatzeko dago baina maiatza erdialdean izatea aurreikusten da, erreklamazioetarako epea maiatzaren 8an amaitzen baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!