Oñatiko udala

San Martin Fundazioaren Erguña-Etxebarri baserriaren erabilera Elkarzabal Elkarteari lagako zaio, 10 urtez

2023/01/16
Card image cap
Elkarzabal elkarteko hainbat kide Erguña-Etxebarri baserri atarian, 2021ean
Azken Osoko Bilkuran hartutako erabakia, jende agirian dago, alegazioetarako

  Elkarzabal Elkarteak herri-onurako izendapen ofizialik ez duen arren, irabazi asmorik gabeko elkartea da eta Erguña-Etxebarri baserriko lurretan garatzen duen proiektuaren helburuak udaleko biztanleen onerako direla onartu eta espresuki adierazi zuen udalbatzak, azken Osoko Bilkuran. Laneratze eta integraziorako proiektua gauzatzen dihardu Elkarzabal elkarteak Zubillagako baserrian, lurrak landu eta produktuak merkaturatzen.

  Egitasmoarekin jarraitu ahal izateko, San Martin fundazioaren jabetza den Erguña-Etxebarri baserriaren erabilera Elkarzabali lagatzea erabaki du fundazioaren zuzendaritzak eta erabakia babestu du udalbatzak. Eraikinaren jabetza ez da lagatzen, erabilera baizik. Nolanahi ere, Elkarzabal elkarteak hainbat inbertsio egitea aurreikusten duenez, horien amortizaziorako eta lortu nahi diren helburuak betetzeko, lagapena 10 urtetarako egitea onartu da.

  Baimendutako nekazaritza proiektua eteten bada, edo 10 urteko epea betetzen denean, eraikina San Martin fundaziora itzuliko da. Elkarzabal Elkarteak erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat kontratatu beharko du, elkartearen jarduera babestu eta jarduera horrek Fundazioaren ondasunei edo hirugarrenei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzeko.

  Abenduaren 15eko Osoko Bilkuran aho batez onartutako erabilera lagapen hau jende agirian dago, inork alegaziorik aurkeztu nahiko balu, horretarako 15 egun dituelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!