San Martin egoitzan egokitze lanak egingo dira, espazio txiki eta goxoagoak sortu eta egoitza etxe bihurtzeko helburuz
Foru Aldundiak Covid funtsetik jasotako 20 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako zaharren egoitzak eredu berri batera egokitzeko. Pandemia garaian jasotako kezkei erantzun nahi zaie eta espazio txikiagoak, goxoagoak sortuz, egoitzak etxe bihurtu nahi dira. Kabia fundazioak kudeatzen dituen sei egoitza egokitzen hasiko dira, tartean, San Martin egoitza.
Egokitze lanen proiektua idazteko kontratatu den enpresako ordezkarien bisita izan zuten San Martinen pasa den astean eta berriro itzultzekoak ei dira. Neurriak hartu eta moldatu beharko liratekeen guneak ikusi ez ezik, bertako egoiliar eta arduradunen beharrez galdezka aritu ziren, proiektua horietara egokitu ahal izateko.
Foru Aldundiak garatu nahi duen etxe-egoitza ereduan gehienez 15 lagunentzako espazio goxoak eta gune komunak aurreikusten dira eta banakako gelen eskaintza lehenesten da. Alde horretatik badago zer egin San Martin egoitzan, beheko solairuan logela gehienak bi lagunentzako baitira. Baina proiektua eta planoak aurkeztearen zain daude. San Martin egoitza egoki dago egungo beharrei erantzuteko, eta proposatzen den eredu berria gauzatzeko nahikoa leku badagoela adierazi digute bertako arduradunek. Halako berritze batek mesede egingo diola gaineratu digute, erabiltzaileen onurarako izango delako eta eraikinari ere balioa emango diolako.
Egokitze lanak 2022-2023 urteen artean egin asmo ditu Diputazioak baina gauzatze kronograma eta planifikazioa ezagutzearen zain daude egoitzako arduradunak. Lanak solairuka egin asmo direla aurreratu diete, hau da, egoiliarrak bertan daudela, baina zein epetan eta nola zehazteko dago.
San Martin egoitzak 83 lagunentzako lekua dago baina egun 76 plaza daude beteta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!