Oñatiko udala

San Martin egoitza ondoan gizarte zerbitzu berriak eskaintzeko ekintza plana osatzea proposatu du Amaia Erostarbe alkategai jeltzaleak

2023/04/04
Card image cap
Ingurua ikusten egon zen atzo Eider Mendoza diputatu nagusitarako hautagaiarekin

  Gizarte politikaz eta Foru Aldunditik gauzatu asmo den egoitza eredu berriaz aritu ziren atzo arratsaldean San Martin egoitza aurrealdean Amaia Erostarbe eta Eider Mendoza, Oñatiko alkate eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagai jeltzaleak.

  Mendozak esan zuen Gipuzkoako zaharren egoitzen sarean aldaketa garrantzitsuak gauzatuko direla datozen hilabeteetan; 8 egoitza berri eratzeko lanean ari da Diputazioa eta egun martxan direnetan egokitze lanak egingo dira, elkarbizitza unitate txikiak sortzeko. Nagusiak ondo zainduta eta etxean bezala senti daitezela da eredu berriaren helburua, Mendozaren hitzetan. Oñatiko egoitzan ere lanak laster hasiko direla aurreratu zuen.

  Amaia Erostarbek berriz, San Martin egoitzaren alboko espaziorako EAJk dituen asmoen berri eman zuen: menpekotasun arina duten nagusientzat eta ezintasun iraunkorra edo zaintza beharra duten herritarrentzat bi zerbitzu berri egokitzeko ekintza plana garatzea proposatu zuen.

  Eider Mendozak Debagoienean eman zuen atzoko eguna, besteak beste, eskualdeko hainbat enpresa eta eragile ezagutzen. Ekonomia bultzatzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa berritu zuen hautagai jeltzaleak. Alor honetan “balio kooperatiboak eta, oro har, langileen partaidetza sustatzeak gure enpresek gaur egun dituzten erronketako askori” erantzuten diola adierazi zuen. Eta Debagoienak lurraldeko ekonomiaren ikur diren bi elementu biltzen dituela esan zuen: industria eta eredu parte hartzaileak. Jeltzaleen proiektuan bi ezaugarri horiek lehentasuna izaten jarraituko dutela aurreratu zuen Eider Mendozak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!