Oñatiko udala

San Juan sua antolatzeko deialdia egin du Kultura departamentuak

2023/05/10
Card image cap
Suaren eta inguruaren zaintza egiteko arduradunak behar dira

  Ekainaren 23an San Juan sua antolatzeko deialdia zabaldu du udaleko Kultura departamentuak, interesa izan dezaketen herritar guztiei zuzenduta. Antolatzailearen betebeharrak hiru izango dira: sua piztu eta itzali, hesiak jarri eta kendu eta publikoaren zainketa lanak egin. Udalak beharrezko baliabideak jarriko ditu antolatzaileen eskura. Adina mugatu da eta 16 urtetik gorakoa izan behar dela zehazten du kultura departamentutik igorri den oharrak.

  Interesatuek kultura departamenduarekin jarri behar dute harremanetan eta ia hilabeteko epea eman da horretarako, ekainaren 9ra arte. Mezua bidali behar da honako helbide elektronikora: kultura.idazkaritza@onati.eus

  Ez da lehen aldia San Juan sua antolatzeko halako deialdirik zabaltzen dela. Urteetan ardura hori bete zuen Laixan euskara elkarteak utzi zuenean ere egin zen eta sua egin gabe ere geratu zen urte hartan. Ardura herriko ikastetxeetako gurasoek hartu zuten orduan eta lau urtez aritu ziren San Juan sua egiten, 2017an utzi egingo zutela jakinarazi arte. 2018an udalak berak antolatu zuen eta 2019an, Korpus domekarekin bat egin zuen egunak eta ez zen surik egin. Ondorengo urteetan ere ez da egin, pandemiak eraginda hasieran eta boluntariorik ez zelako azaldu, iaz.

  Ardura hartzeko prest legokeen herritar taldea agertu dadin deialdia zabaldu du aurten ere Kultura departamentuak, ekainaren 23an San Juan sua egin dadin berriro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!