Oñatiko udala

Ruper Ordorikak Abadia Saria jasoko du gaur arratsaldean Tabakaleran

2024/09/12
Card image cap
Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria jasotzen duen laugarren oñatiarra da

  Uztaila amaieran jakinarazi zen aurtengo Abadia Saria Ruper Ordorikak jasoko zuela. Ekitaldia Hendaian izango zela adierazi zen baina azken orduko aldaketa bat izan da eta Donostian, Tabakalerako Prisma aretoan izango da sari banaketa, gaur, 19:00etan.

  Lau hamarkadatan zehar euskarazko kultur sorkuntzaren alde egindako lan eta ekarpena aitortuko zaio Ordorikari. Euskal kantagintza muga berrietara zabaldu eta, aldi berean, euskaratik eta euskaraz unibertso propio bat sortu izana nabarmendu dute Aldundiko ordezkariek. 1980ko hamarkadan eszenaratu zen abeslari oñatiarra eta ordutik proposamen esanguratsu eta berritzaileak egiten jarraitzen duela azpimarratu dute. Hautsi da anphora izan zen Ruper Ordorikaren lehen diskoa, 1980an argitaratutako lana, eta orduz geroztik, diskografia zabala eta anitza ondu du, Euskal Herriko eta nazioarteko musikariekin elkarlanean.

  Abadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an. Harrezkero urtero edo bi urtez behin banatu du euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Ruper Ordorika Abadia Saria jasotzen duen laugarren oñatiarra da, lehengo urtean Arantzazuko egutegia saritu zuten, 2002an Juan Zelaia enpresa-gizona eta 2016an Moriarti produkzioak, tartean, Aitor Arregi zine zuzendaria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!