Roke Azkune eta Jaumendiko errotondak asfaltatuko dira bihartik ostiralera bitartean
Portalekua eta Jaumendiko errotondak asfaltatzeko lanok abuztu aldera egiteko asmoa zegoen baina planak aurreratu egin ditu Foru Aldundiak, Tourraren pelotoia bertatik pasako baita. Errepideen zoladura konpontzen diharduen taldea Oñatiko iritsiko da bihar,azken egun hauetan Udana aldean ari da lanean. Oñatin, saihesbidera irteteko bi errotonda nagusietako zoladura guztiz berritu behar da, Roke Azkune eta Jaumendiko biribilguneak asfaltatu behar dira eta lan horiek bihartik ostiralera bitartean egingo dituzte. Lanok trafikoan eragin handia izango dutela azpimarratu digu udaltzainburuak, bidea txandaka emango den arren.
Bihar bi errotonden zoladura fresatuko da, Jaumendikoan hasiko dira eta ondoren Portalekukoa egingo dute. Asfalto zaharra jasotzen duten bitartean bidea txandaka emango da, libre dagoen aldetik. Baina auto-ilarak sortuko dira eta lanerako sarrera-irteera tartean luzeak izatea aurreikusten da. Beraz, denboraz eta pazientziaz ibiltzea gomendatzen da. Roke Azkuneko errotonda fresatzen dabiltzan bitartean gainera, bertatik herrigunera sartzeko bidea guztiz itxiko da eta ondorioz, Ultzegin eta Kalegoienako garajeetara ezingo da sartu. Ezintasun horrek Kalegoienako lurrazpiko aparkaleku publikoari ere eragingo dio. Irten bai, Ultzegin eta Kalegoienako garajeetatik irten ahal izango dira baina sartu ez, Portalekuko errotondan lanean ari diren bitartean. Lanak, 8:00etatik 18:00etara egitea aurreikusten da.
Ostegun eta ostiralean berriz, asfaltatze lanak egingo dira bi errotondetan. Zoladura berria botatzeko lanak nondik abiatuko diren momentuan bertan erabakiko da, trafikoaren arabera. Asfaltatze lanak egin bitartean bidea txandaka ematen jarraituko dute. Roke Azkuneko biribildunean hasten direnean ordea, herrigunerako sarrera berriro itxiko da. Gainera, errotondetako asfaltatze lanak guztiz osatzen dituzten unean, trafikoa guztiz etengo da 15 minutu inguru.
Asfaltatze lanok auto-ilada luzeak eragitea aurreikusten da, esan bezala, bereziki, lanerako sarrera-irteera garaitan. Eta ez bakarrik saihesbidean edota Aita Lizarralde kale inguruan; zenbaitek, alternatiba moduan, herri guneko kaleetan barrena joatea erabakiko du, Euskadi etorbidea, Santa Marina plaza eta Bakardadeko Ama kaleetatik, eta inguru horretan ere, ohikoa baino trafiko handiagoa ibiliko da. Txaketuaneko bidegurutzea ez da itxiko ostiral arratsaldean, ez behintzat, asfaltatze lanak bukatu arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!