Promozio kanpaina berri bati ekin dio Txanda dendarien elkarteak
Gai al zara 500 euro egun bakarrean gastatzeko? erronka zabaldu du Txanda dendarien elkarteak, larunbatean hasi zuen kanpaina berria aurkezteko. Azaroaren 20ra bitartean elkarteko dendetan erosten duten bezeroen artean 500 euroko lau sari zozkatuko ditu eta irabazleek, egun bakarrean, azaroaren 23an, gastatu beharko dituzte.
Txandaren kanpainan parte hartzeko, erosketa-ticketak dendetan jarri diren postontzietan utzi beharko ditu bezeroak, izen-abizenak eta telefonoa idatzi ondoren. Kanpaina azaroaren 20ra arte luzatuko da eta hurrengo egunean, 21ean, 500 euroko lau sariren zozketa egingo da. Egun berean jakinaraziko zaie irabazleei sarituak izan direla. Bi egunetan erabaki beharko dute saria zertan gastatu, azaroaren 23an, 9:30etan saria jaso eta dendak itxi arteko tartea izango baitute 500 euroak gastatzeko. Hori da erronka.
Irabazle bakoitzak, 50 euroko 10 txartel jasoko ditu eta, gutxienez, Txandako 4 establezimendu desberdinetan gastatu beharko ditu. Sari banaketa Foruen enparantzan egingo da, zapatuarekin etorriko den azaroaren 23an, esan bezala. Saria jasotzerakoan eta ondoren, dendarik denda dabiltzanean, Algaraz Ikuskizun elkarteko kideak inguruan izango dituzte sarituek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!