Poolsport soluciones enpresa arduratuko da pumptrack instalaziorako sarbidea egokitzeko lanez
Pumptrak kirol instalaziorako sarbidea eta urbanizazio lanen esleipen prozesua hutsik geratu zen lehen deialdian, eskaintzarik ez zelako jaso. Bigarrenean, ordea, egun pista prestatzen diharduen enpresa bizkaitarra aurkeztu da eta honen proposamena ontzat eman da. Poolsport soluciones SL enpresa arduratuko da Larrañako pumptrack zirkuitua argiztatu eta sarbidea egokitzeaz.
Bi dira egin beharreko lanak eta bi enpresa azpikontratatuko ditu Poolsport solucionesek: argiteriari dagozkion lanak Betielek SLk egingo ditu eta urbanizazio lanak, Lasuen eraikuntza enpresak. Zirkuitoaren eta inguruaren segurtasuna bermatzeko argiteria egokituko da eta bidean 4 argi puntu jarriko dira eta pumptrack-a argitzeko beste hiru, ondoko eraikinetako fatxadetan. Aurrez, 3,5 metro zabalera inguruko sarbidea eraiki eta asfalto akabera emango zaio.
Lanek 112.711 euroko aurrekontua dute eta 8 astetan egingo dira. Udalak zehaztu zuen berme epea luzatu egin du gainera enpresa esleipendunak eta bi urtekoa izango da. Bitartean, pumptrack zirkuitua egokitzeko lanek aurrera darraite eta maiatza erdi-amaierarako bukatzea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!