Plazako argiteria birbideratzeko lanak egiten ari dira
Lazarragako lorategirako sarreran lanean aritu dira udal brigadako langileak azken egun hauetan, zanga bat ireki eta argindar linea birbideratzeko hodia sartu dute. Izan ere, plazako argiteria birbideratu egingo baita; orain arte Portu kaleko transformadoretik hornitu da foruen enparantzako argiteria baina Ramon Irizar kaleko transformadorera lotuko da datozen asteetan.
Atzeko kaleko urbanizazioa berritzeko lanak egin zirenean jada, balizko hornidura aldaketa hau aurreikusi zen eta hariteria bideratzeko hodia instalatu zen. Baina plazatik Lazarraga jauregi aurrealderainoko tartea egitea falta zen eta horretan aritu dira udal langileak aste honetan. Hoditeria sartuta, hariteria prestatu eta argiteria birbideratzeko konexioa egitea bakarrik faltako da. Azken lan horiek egiteko data ez da jakinarazi baina asteetako kontua izatea espero da. Herritarron bistara ez da aldaketarik izango baina argindar azpiegiturak arindu eta arrazionalizatzea da plazako argiteria aldatzeko egitasmoaren oinarria.
Lanpetuta dabil udal brigada azkenaldian. Asteburuko tenperatura baxuen ondorioz hainbat iturri konpondu behar izan dituzte, izotzak kaltetu baitzituen. Postetxe inguruko iturria, San Martingoa, Olabarrieta, Zañartu eta beste hainbat gunetako iturriak matxuratu egin ziren asteburuan zeropeko tenperaturek eraginda. Astelehenean bertan konpondu ziren eta erabilgarri daude.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!