Oñatiko udala

PIANOAZ GOZATZEN! piano ikasleen emanaldi berezia Santa Ana aretoan, bihar

2023/02/24
Card image cap
Oñati eta inguruko zazpi musika eskoletako 91 ikaslek parte hartuko dute

  Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Soraluze eta Legazpiko piano ikasleen topagune bihurtuko da Santa Ana aretoa, bihar. Garai honetan Andoainen egin ohi zen piano jaialdiaren faltan, Oñatin elkartu eta jende aurrean jotzea erabaki dute, publikora ohitzeko. Lehenago ere eskualde mailako piano ikasleen halako topaketak egiten zituzten, herririk herri, Andoaingo jaialdiaren aurretik. Aurten, esan bezala, Andoaingo antolakuntzak hausnarketarako etena egitea erabaki du baina eskualdeko musika eskolek ekimen bateratuarekin jarraitzea erabaki dute.

  91 ikaslek parte hartuko dute bihar Santa Ana aretoan izango den topaketan. Emanaldiak, orduka banatu dira baina saioa 9:15etan hasi eta 14:00ak arte luzatzea aurreikusten da. Adinka berezitu dira ikasleak eta gaztetxoenak, 7-10 urte artekoak lehenak izango dira pianoa jotzen, 9.15etatik 10:30etara. Ondoren, 10-13 urte arteko 28 ikasle arituko dira, 12:00ak bitartean. 13-15 urte artekoek, 12:00etatik 13:00era jardungo dute eta 15 urtetik gorakoak azken orduan, 14:00ak bitartean. Guztira 91 ikasle arituko dira eta 17 Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleak dira.

  Mota ezberdinetako konposizio lanak eskainiko dira, ikasmailaren arabera zailtzen joango direnak, eta tarteka, bikoteka eskainitako lanak ere entzun ahal izango dira. Bakoitzak pieza bana joko du.

  Musika gustuko dutenentzat hitzordu polita izango dela adierazi dute Jose de Azpiazu musika eskolako antolatzaileek. PIANOAZ GOZATZEN! jaialdia Santa Ana antzokian egingo da bihar, 9:15etan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!