Oñatiko udala

Pentsionisten elkarretaratzea egingo da astelehenean plazan

2023/09/01
Card image cap
Pentsionisten elkarretaratzea, pandemia garaian
Asteroko dinamikara itzuliko dira udako etenaren ondoren

  Asteleheneroko elkarretaratzeei irailaren 4an berrekingo diete herriko pentsionistek, ekaina amaieran iragarri bezala. Foruen enparantzan 12:00etan elkartuko dira pentsio duinak eta osasun eta asistentzia zerbitzu publikoak aldarrikatzeko.

  Herriko jubilatu eta pentsionistek 2023-2024 ikasturtea hasiko dute astelehenean. 2018ko urtarrilean abiatutako dinamikari jarraituz, plazan elkartuko dira astero eta Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak aldian-aldian deitzen dituen beste ekintzetan ere parte hartuko dute. Hala egin zuten aurreko ikasturtean hiriburuetan egin ziren manifestazioetara joanda edo Bilbon egin zen txandakako barau-itxialdian eta Gasteizerako oinezko martxan parte hartuta.

  Urtarrilean sei urte beteko du pentsionisten elkarretaratze-dinamikak eta hainbat lorpen izan diren arren, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskaerak bere horretan jarraitzen du. Pentsioak maila horretara parekatzeko ekarpen osagarriak onartu ditzatela eskatzen zaie Gasteizko eta Iruñeko gobernuei. Euskal pentsio sistema publikoa eta osasun eta zaintza sistema publiko duinaren aldeko aldarrikapena ere izango da astelehenean plazan, udako etenaren ondorengo elkarretaratzean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!