Oñatiko udala

Pentsionisten aldarriak hauteskunde kanpainan entzungai izango dira

2023/07/10
Card image cap
Oñatiko pentsionistak Donostian larunbatean egingo den manifestaziora gonbidatu dira

  Berdin dio nork gobernatu leloak garbi azaltzen du Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak deitu duen azken mobilizazio honen helburua eta asmoa, pentsio duinen defentsan jarraituko dutela, hauteskunde orokorrak edonork irabazita ere. Hegoaldeko lau hiriburutan mobilizazioak antolatu dira: Iruñean, uztailaren 3an egin zen, San Ferminen atariko, Donostian eta Gasteizen zapatuan, uztailaren 15ean egingo dira eta Bilbon, erreferentziazkoa bihurtu den astelehenarekin, uztailaren 17an izango da. Guztiak, eguerdiko 12:00etan.

  Oñatin udan egin ohi duten etenaladian daude pentsionistak, baina agurrekoaren aurretik jada jakinarazi zitzaien zapatu honetarako deialdia. Bide batez, Donostiara hurbiltzeko gonbidapena egin zitzaien. Hori bai, oraingoan ez da autobusik antolatu eta norbere kabuz joan beharko dute Donostiara. Manifestazioa Alderdi Ederretik irtengo da 12:00etan.

  Hauteskunde kanpaina betean egingo diren mobilizazio hauetan, ohiko aldarrikapenak errepikatuko dituzte pentsionistek: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuko dute, genero arrakalarekin amaitu eta alarguntasun pentsioa %100a izan dadila eta KPIaren mailako igoera aplikatzea aldarrikatuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!