Parrokiako Misio Taldeak publikoki eskertu du Gabonetako kontzertuan jasotako laguntza
Inoizko diru laguntza handiena batu zen atzoko Gabonetako kontzertuan, 2013ko errekorra gaindituz.
Ia ohikoa bihurtu da musika bandak eta herriko abesbatzek elkarrekin eskaintzen duten Gabonetan kontzertuan, parrokiako sarreretan borondatea emateko diru kutxak jartzea. Misio taldeak jartzen dituen diru kutxak dira eta bertan, atzo, inoizko laguntzarik handiena batu zutela adierazi digute taldeko ordezkariek, orain artean gogoan zen 2013ko kopurua gaindituz. Misio taldeak egindako eskarietan oñatiarrok eskuzabal erantzuten dutela azpimarratu dute Misio taldekoek, eta ondorioz, Haitin babesten ari diren proiektuari bultzada garrantzitsua emateko moduan daudela adierazi digute. Gogoratu, Haitiko Marbial herrian haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe bat eraikitzeko proiektua babesten dutela. Hiru urtetarako konpromisoa hartu zuten Elizbarrutiarekin eta azken urtea beteko dute orain.
Misio taldeak bide ezberdinak erabiltzen ditu proiektuetarako dirua lortzeko: inauterietako txokolatada, asteburu honetan ospatu den elkartasun azoka edota atzokoaren moduko Gabonetako kontzertua. Gabon kontzertua antolatzen eta bertan parte hartzen duten herritar nahiz erakunde guztiei eskerrak eman nahi dizkie Parrokiako Misio taldeak. Eta eskerrak baita ere eskuzabaltasun handiz bere diru laguntza eman zuten guztiei.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!