Oñatiko udala

Parrokiako klaustroko teilatuaren konponketa finantzatzeko herritarren laguntza eskatu da

2024/09/12
Card image cap
225.000 euro behar dira

  285.000 euroko aurrekontua dute parrokiako klaustroko teilatuan egiten ari diren konponketa lanek, baina Udalak eta zenbait enpresa eta fundaziok emandako dirulaguntzei esker 60.000 lortu dira. Gainontzeko 225.000 herritarren ekarpenez betetzeko konfidantza du Horazio Argarate parrokoak, lehenago ere egin diren konponketa lanetan ere herritarrak eskuzabal agertu baitira.

  Korpus jaiak pasa orduko hasi ziren Mikel Goiaingeruaren parrokiako klaustroko teilatua konpontzen. Oso kaltetuta zegoen eta lanak ezinbestekoak zirela azaldu du parrokoak. Klaustroari dagokion teilatu zatia konpondu da jada eta sakristia gainekoan ari dira lanean. Amaitzeko, Mikel Aozaraza eta Doloretako Amaren kapila txikiei dagokiena konponduko da.

  Mikel Goiaingeruaren parrokiak ondare historiko-artistiko izendapena dauka eta horrek, erabiltzen ari diren material eta teknikak bereziki zaindu beharra eragiten du, ondorioz, aurrekontuan ere bai. Etxeetara banatu diren esku-orrietan laster amaituko diren lanen berri ematen da eta herritarren laguntza eskatzen da. Diru ekarpenak egiteko kontu zenbakiak azaltzen dira eta urtebeteko finantzazio-konpromisoa hartu nahi dutenek bete beharreko orritxoa ere bai. Elizan bertan bi kutxa jarri dira konponketa lanetarako dirulaguntza uzteko.

  Azken asteetan euri asko egin duen arren ez da arazorik sortu eta epeak aurreikusi bezala betetzen ari dira. Ondo bidean, iraila amaierarako lanak amaitzea espero dute parrokiako arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!