Oñatiko udala

Parrokiako klaustroko erreteila egingo da

2024/05/29
Card image cap
Lanak datorren astean hasiko dira, Korpus jaiak pasata

  Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenez baimendu ditu Udalak Mikel Goiaingeruaren parrokiako klaustroko erreteila egiteko lanak. Elizaren alboko nabeen eta klaustroaren erreteila egingo da eta mendebaldeko fatxadako harrizko paramentuan dagoen pitzadura zigilatuko da. Pitzadura beira zuntzez eta kare hidraulikoz egindako morteroarekin estaliko da, harlagaitz-horma juntaberrituz. Era berean, klaustroko harrizko pinakuluetan esku hartuko da, hausturak edo erortzeko arriskua duten elementuak sendotuz, altzairu herdoilgaitzeko hegaxkekin josita.

  Oñatiko herrigune historikoak ez ezik, aipatu Mikel Goiaingeruaren parrokiak eta klaustroak monumentu kategoria eta, ondorioz, babes maila berezia dutela kontutan hartuta, erabaki zen klaustroko erreteila egiteko lanen espedientea Foru Aldundira bidaltzea. Honek, aldeko txostena eman du baina baldintza batzuk jarrita: lanak teknikari eskudunak zuzenduak izango dira, lanak amaitzean obra amaierako dokumentazioa aurkeztu beharko da Diputazioan, baimendutako jarduketari dagokionez obran egin beharreko edozein aldaketa jakinaraztea eta lanak hasi aurretik, erabiliko diren morteroen fitxa teknikoa aurkeztea.

  Baldintza horiek guztiak jasota, erreteila egiteko baimena eman berri du Udalak eta lanak berehalakoan, Korpus jaiak pasa orduko hasiko dira. Lanak egiteko epe jakinik ez da zehaztu baina udalaren baimena sei hilabeterako da.

  Garabia eta aldamioak muntatu beharko dira klaustroaren inguruan, baina ez da plaza eta San Juan kalearen arteko bidea guztiz itxiko. Elizaren ondoko etxebizitzen ilarari jarraituz, bestaldean ere, Irizar estankoaren gainaldeko eraikinean ere, lanean hasi dira aste honetan. Eraikina guztiz hustuko da barrutik eta etxebizitza berriak egingo dira. Beraz, datorren astean, eraikin hori inguratuz ere aldamioak muntatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!