Palestinan su-etena, laguntza humanitarioa sartu eta Nazio Batuen ebazpenak bete arte Israelekiko harremanak etetea eskatzen duen mozioa onartu da
“Instituzioak Israeli boikot” izenburupean, sei puntuko mozio idatzia eraman zuen EH Bilduk Osoko Bilkurara, hainbat herri eragilek eskatuta. Mozioa gehiengoz onartu zen, EH Bilduko ordezkariek alde bozkatu baina EAJkoak abstenitu zirelako.
Palestinan berehalako su etena eta laguntza humanitarioa sartu eta banatzea ziurtatzea eskatzen da. Biztanleria zibilaren aurkako eraso guztiak salatu eta nazioarteko eskubide humanitarioekiko eta giza eskubideekiko errespetua eskatzen da, gerra-krimenak eta gizateriaren aurkakoak amaitzeko eta zigortzeko mekanismoak aktibatzearekin batera. Aldi berean onartzen da, gatazkaren egiturazko arrazoiak okupazio koloniala eta apartheida direla eta Nazio Batuen ebazpenak bete daitezela eskatzen du. Israelgo gobernuarekin harreman instituzional eta diplomatikoa etetea, behin betiko su etena eta Nazio Batuen ebazpenak bete arte, eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari beste horrenbeste egin dezatela eskatuko die Oñatiko Udalak. Era berean, Espainiako gobernuari exijituko dio Israeli norabide biko bahitura militarra ezar diezaiola, lankidetza militarreko eta segurtasuneko programa guztiak bertan behera utziz.
Bozkatzerakoan abstenitu egingo zirela iragarri zuen Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak, mozioaren zenbait punturekin bat ez zetozela argudiatuta. Israelek Gazaren kontra erakutsitako indarkeria gaitzesten dutela eta urriaren 7an Hammasek Israelen aurka egindako atentatuak ere guztiz gaitzesten dituztela adierazi zuen. Nazioarteko komunitateari Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan esku hartzea exijitzen diotela eta mugarik gabeko korridore humanitarioak ezartzea eskatzen dute, behin betiko konponbiderako oinarriak ezarrikodituen nazioarteko Bake Konferentzia deitzearekin batera. Amaitzeko, urriaren 7ko erasoan hil zituzten Ivan Illarramendi zarauztarra eta haren emaztea gogora ekarri zituzten, senitartekoei elkartasuna adieraztearekin batera.
Jeltzaleak abstenitu arren, EH Bilduk aldeko botoa eman zuenez, aipatu mozioa gehiengoz onartu zen eta erabakitakoaren berri emango zaie, Euskal Herria, Espainia eta Nazio Batuetako hainbat goi ordezkariri. Udaletxean mozioa eztabaidatzen zen bitartean, hainbat herritar plazan elkartu ziren Palestinarekiko elkartasuna adierazteko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!