Oñatiko udala

Pake lekuko internet taldeak euskarazko wikipedia aberasten jarraitzen du

2025/01/17
Card image cap
711 orri eta 2.822 erreferentzia sartu zituen iaz

  Lan esanguratsua egiten dihardu Pake Leku elkarteko internet taldeak wikipedia entziklopedia askea aberasten. Egunero eduki berriak sortu eta txertatzen dituzte, beti euskaraz, eta, askotan, Oñatiri erreferentzia zuzena egiten; bertako ohitura, pertsona eta gertakariak jasotzen baitituzte. 2024an, tamaina ezberdineko artikulu ugari idatzi eta zintzilikatu zituzten, 2.822 erreferentzia eta liburu mardul bat osatuko luketen 711 orri.

  Iaz landutako artikulu berrietan edo aurrez zeudenak osatuz, Oñatiri buruzko lau lan luze aipagarri daude: Resurreccion Maria Azkue eta 1918ko Oñatiko Kongresua, Sancti Spiritus unibertsitatea, Oñatiko Corpusa eta Oñati udalerria.

  Laburragoak diren oñatiarren erreferentziak ere zintzilikatu dira: Antonino Ibarrondo, Manuel Umerez, Francisco Antonio Elortza, Mariano San Migel, Iñaki Zumalde, Migel Angel Arzuaga edo herriko alkate izan ziren Eli Galdos, Anjel Iturbe, Andoni Gartzia eta Lourdes Idoiagari buruzkoak, besteak beste. Baina beste pertsonaia edo erakundeen inguruko artikuluak ere osatu eta argitaratu dituzte, José edo Pepe Mujica eta Lucia Topolansky aktibista bikote uruguaitarrena, F.Scott Fitzgerald idazle estatubatuarrena edo Stanford unibertsitatearena, esaterako.

  Baina iaz osatutako artikuluetan ugarienak naturari buruzkoak izan ziren, 781 argitaratu baititu wikipedian Pake Lekuko internet taldeak; perretxikoenak izan dira ugarienak, ia 700, baina arrain, hegaztiak, ofidio, narrasti, sator, karraskari, musker eta sugandilei buruzko beste 110en bat zintzilikatu dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!