Oñatiko udala

Otsaileko Osoko Bilkuran aurkeztu ziren hiru mozioak aho batez onartu ziren

2013/03/04

Otsaileko Osoko Bilkuran aurkeztu ziren hiru mozioak aho batez onartu ziren: Emakumeen nazioarteko eguna eta Mendebaldeko Saharako egoerari buruzko adierazpen instituzionalak eta 197/2006 doktrina bertan behera uztea eskatzen duena.

  Hasierako lan zerrendan jasota ez bazegoen ere, presazko izaeraz, Mendebaldeko Saharako egoerari buruzko adierazpen instituzionala mozio moduan azaldu eta aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran. Otsailaren 27an, 37 urte bete ziren Espainiako soldaduak Saharatik irten eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zela. 37 urte dira ordea,  Maroko gobernuak lurralde okupaturik duela.
Saharar herriaren autodeterminazio eskubidea berretsi, Marokoko Erresumak okupatutako lurraldean bizi diren sahararren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu eta hauen aurkako jazarpena eten eta preso politikoak aske utzi ditzala eskatzen du udalbatzak aho batez onartutako adierazpenak. Gainera, gatazka konpontzeko prozesuan dagokion papera bete dezala eskatzen zaio Espainiako Gobernuari.

  Martxoaren 8an, Emakumearen nazioarteko eguna ospatuko dela eta osatutako adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran.
Idatziaren arabera, udalbatza osatzen duten kideek funtsezko eta estrategikotzat dute berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea. Udalak, arlo honetan beste lehentasun batzuk ere zehaztu ditu: berdintasunerako politika publikoak garatzea, udalaren gobernu ekintza guztietan genero ikuspegia kontutan hartzeko neurriak bultzatzea, emakumeen elkarte eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea. Bide batez, martxoaren 8rako herrian egingo diren ekintzekin bat egiten du Oñatiko udalbatzak.

  197/2006 doktrina: zigor gehigarriaren ankerkeria izenburua duen mozioa ere aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran. Bilduk aurkeztutako idatziak, 5 puntu aipatzen ditu: Estrasburgoko giza eskubideen tribunalak ez legezko eta oinarrizko eskubideen aurkakotzat ebatzi duen Parot doktrina delakoa aplikatu zaien preso guztiak berehalakoan aske uztea. Horren haritik, euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uztea ere eskatzen da.  Xabin Usandizaga oñatiarrari, aipatu 197/2006 doktrina kentzea eskatzeaz gain, elkartasuna adieraztea eta martxoaren 16an Jaenera egingo den martxan udaleko ordezkaritza zabal batek parte hartzeko konpromisoa hartzea. Aldi berean, martxoaren 20an, Euskal Herriko hainbat herritan egingo den bezala, Oñatiko manifestaldian egoteko konpromisoa hartu eta herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deitzea.
Jeltzaleek, Bilduk aurkeztutako idatzia bere horretan onartu zuten eta mozio hau ere, aurreko bi adierazpenen antzera, aho batez onartu zen. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!