Oñatiko udala

Ostiralean amaitzen da Udal Plangintzako Aholku Kontseiluan parte hartzeko izen-ematea

2025/02/24
Card image cap
Herriko elkarte eta eragilez osatutako organo aholku-emailea da Kontseilua

  Plan Orokorrak onartzeko eskumena duten 7.000 biztanletik gorako udalek derrigorrez eratu behar dute herritarren ordezkariz osatutako Aholku Kontseilua. Organo honen kideak agintaldiarekin batera berritu behar direla dio Oñatiko araudiak. Horregatik, izena emateko deialdia zabaldu du Udalak. 

  Aholku Kontseilu honek berritze prozesuan dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) parte hartuko du, kontsultarako edo aholku-emaile moduan. Hau da, organo honek hartzen dituen erabakiak ez dira lotesleak izango baina Udalak kontutan hartuko ditu eta, onartzen ez dituenean, arrazoitutako erantzuna eman beharko du. Aholku Kontseiluan ezin da norbanako edo herritar partikular moduan parte hartu baina bai herrian diharduten elkarte edota eragile taldeetako kide gisa. Hala, Kontseiluan parte hartzeko atea zabalik dute arlo hauetan dihardute elkarteek: landa auzoak, herri guneko auzo elkarteak, ingurumenaren babes eta defentsan dihardutenak, abeltzaintza eta nekazaritza elkarteak, basogintza, kultur ondarearen babesa, kirola, dibertsitate funtzionala, merkataritza eta ostalaritza, mugikortasun iraunkorra, enpresa elkarte, sindikatu, gazteria, hirugarren adina, talde feminista, kultura eta jatorri aniztasuna edota eskola komunitatea. Interesa duenak, izena eman behar du udaleko erregistroan, telematikoki edo aurrez aurre HAZ bulegoan. Ostirala, otsailaren 28a da izena emateko azken eguna.

  Gaia garrantzitsua da HAPOan finkatzen baitira nolakoa izango den Oñati hurrengo 20-30 urteetan. Hau da, non eraiki ahal izango diren etxebizitzak, lantegiak, azpiegitura eta ekipamenduak, besteak beste. Horregatik, dei berezia egiten zaie herriko elkarte eta eragileei aipatu Aholku Kontseiluan parte hartzera animatu daitezen. 

  Berritze prozesuan dagoen HAPOari dagokionean, gogoratu Oñatiko Planeamendurako Aurrerakina izeneko dokumentua, 2021eko ekainean onartu zuela udalbatzak. Dokumentu horretan helburu eta irizpide nagusiak finkatu ziren eta, ordutik hona, HAPOaren hasierako dokumentua landu da, herritarren iradokizun eta helegiteei emandako erantzunak aintzat hartuta. HAPOari hasierako onespena eman asmo zaio urteko lehen seihilabeteko honetan baina, aurretik, herritarren parte hartzea bermatzeko, guztiei zuzendutako informazio saioak antolatuko dira, HAPO berriaren hasierako dokumentuak jasotzen duena azaltzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!