Ostalaritza jarduerak arautuko dituen udal ordenantza eztabaidatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Bizilagunei zuzenean eragiten die inguruan dituzten ostalaritza lokalen ordutegi eta zaraten gaia. Udalak, 1993an onartu zuen taberna, kafetegi eta antzeko jardueretan aritzeko diren establezimendu publikoen instalakuntza arautzen duen udal ordenantza, gerora, hainbat alditan eta puntu konkretutan aldatzen joan dena. Azken eguneraketa 2008an egin zen. Udal ordenantza berria egin edo indarrean dagoena egokitu eztabaidatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.
Hirigintza eta Zerbitzuak batzordearen eskutik herriko hainbat jolas parkeetan mantentze eta konpontze lanak egiteko proposamena ere aztertuko da. Udalak, GARRA enpresarekin hitzartu zuen jolas parkeen mantenu kontratua. Enpresako ordezkariak Oñatin izan dira jolas parkeen egoera ikusi eta behar handieneko lanak zerrendatzen, eta proposamen zehatza aurkeztu diote udalari. Aurtengo aurrekontuetan, era honetako lanak egiteko 12000 euro daudela jakinik, zein lan lehenetsi erabakiko da arratsaldeko bilkuran.
Merkatari aplikazioa Oñatin ezartzeko Goiena Komunikazio Taldea eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmenaren punturik esanguratsuenak azalduko dira gobernu taldearen bileran eta dokumentua sinatzea proposatuko da. Era berean, HIRIGUNE, Hiri Merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako programaren aurtengo deialdira zein egitasmorekin presentatu ere, eztabaidatuko da arratsaldean.
Guztira, Tokiko Gobernu Batzarrerako lan zerrendan, 41 gai jaso dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!