Oñatiko udala

Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko hautagaia da Aitor Arregiren “Marco” filma

2024/09/05
Card image cap
Irailaren 18an jakinaraziko da hiru hautagaien artean zein filmek egiten duen aurrera

  Espainiako Arte eta Zinema Zientzien Akademiak 2025eko Oscar sarietan herrialdea ordezkatu eta nazioarteko film onenaren bidean izango den obra erabakitzeko azken fasea abiatu du. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco filma finalista da, Segundo premio eta La estrella azul film musikatuekin batera. Irailaren 18an jakinaraziko da behin betiko erabakia, alegia, Oscar sarietan Espainia ordezkatuko duen filma.

  Oraindik gurean estreinatu ez bada ere, 72. Donostia Zinemaldian izango da moriartitarren lana ezagutzeko aukera, Perlak sailean erakutsiko dute. Egunotan, Veneziako Mostran ari da lehiatzen, Orizzonti sailean.

  Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da Marco, Enric Marco Batlle CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia. Eduard Fernandezek jokatzen du sindikalista kataluniarraren papera, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak ditu aldamenean. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen baina bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora.

  Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguezen Segundo Premio eta Javier Maciperen La estrella azul ditu lehiakide Marcok Oscarretarako aurre-hautaketa honetan. Biek musika dute ardatz, eta 90eko hamarkadan girotuta daude. Segundo Premiok Los Planetas talde granadarra du erdigune eta La estrella azulek rockero zaragozar batek Latinoamerika zeharkatuz musikarekiko lotura berreskuratzen nola saiatzen den kontatzen du. Biak aurreko denboraldian Oñatin ikusgai izan genituen.

  Laugarren aldia da Moriarti taldearen film bat Oscar sarietarako lehian finalista dela, lehena Loreak izan zen, 2016an, bigarrena, Handia, 2019an, hirugarrena, La trinchera infinita, 2021ean eta laugarrena, Marco. Lorea eta La trinchera infinita finalistak ez ezik, Oscarretarako lehian aritu zen, aurre-fase ezberdinetan jausi ziren arren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!