Oñatiko udala

Orain errepublikak hautagaitza bozkatuena izan da Oñatin, bigarrena izan den CEUSen boto kopurua bikoiztuta

2024/06/10
Card image cap
EH Bildu bere baitan hartzen dituzten koalizioak lau puntu egin du gora, aurreko Europar hauteskundeekiko, EAJrenak berriz, kasik %9 egin du behera

  Azken hauteskundeetan antzeman den joerak jarraipena izan du Europako parlamenturako atzoko emaitzetan, Oñatin; EH Bildurekiko atxikimenduak gorantz jarraitzen du eta bozken %54a jaso du, aldiz, EAJren aldeko botoak gutxitzen doaz eta %27arekin, orain bost urte baino kasik 9 puntuko boto galera izan du. Udal gobernua osatzen duten bi alderdiok nagusi izaten jarraitzen dute herrian eta hirugarren indarra, PSOE da, botoen %11arekin, ia 6 puntu irabazi du, orain bost urteko emaitzekiko. Gogoratu, sozialistek berezko hautagaitza zutela atzoko hauteskundeetan, EH Bildu eta EAJ, estatuko beste hainbat erkidegotako alderdi abertzalerekin koalizioan aurkeztu zirela Orain errepublikak eta CEUS izenpean. Oñatiko hauteskunde mahai guztietan Orain errepublikak hautagaitza izan zen bozkatuena atzo.

  Boto emaileen araberako portzentajeak aipatu ditugu baina bozkatzera joan ez zirenen kopurua bereziki azpimarragarria izaten da Europako parlamenturako hauteskundeetan, abstentzio maila oso altua erregistratzen delako. Atzo, %45,62 izan zen abstentzioa, orain bost urte, %28a. Baina orduan, Europar hauteskundeak Udal eta Batzar Nagusietako hauteskundeekin etorri ziren eta zuzenean eragin zuen partaidetzan.

  Gipuzkoan eta EAEn ere, Orain errepublikak jaso zituen boto gehien atzo baina PSOE izan da bigarren alderdi bozkatuena eta CEUS, hirugarrena. Estatu mailan PP izan zen bozkatuena, 22 diputatu lortuz, PSOE bigarrena, 20 diputaturekin eta VOX hirugarrena, 6 diputaturekin.

  Europako parlamentu berrian 8 euskal herritar egongo dira datozen 5 urteetan: Idoia Mendia, Elena Sancho, Leire Pajin eta Iratxe Garcia sozialistak, F.Javier Zarzalejos eta Antonio Lopez-Isturiz popularrak, Oihane Agirregoitia jeltzalea eta Pernando Barrena EH Bilduko ordezkaria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!