Oñatiko udala

Oposizioa ikusezin bihurtzeko estrategia salatu du EAJk legegintzaldiko lehen urtearen balorazioan

2024/07/01
Card image cap
Kalezaharreko eta Musika Eskolako proiektuak lehenesteko eskatu dio udal gobernuari

  2023-2027 legegintzaldi berriaren lehen urtearen balorazioa egin du EAJren udal taldeak. EH Bilduren gobernu taldeak duen jarrera eta jokaera salatu du, akordioetara iristeko eta oposizioarekin elkarlanean aritzeko borondaterik ez duela salatuz. Jeltzaleek egindako proposamenak ez direla kontutan hartzen, aurrekontu itxiak aurkezten dizkietela eta proiektu askoren berri prentsaren bidez jakiten dutela adierazi dute jeltzaleek. Oposizioa ikusezin bihurtzeko estrategia salatu dute eta bakarrik egongo balira bezala gobernatzen dutela adierazi dute EAJko zinegotziek. Hala ere, elkarlanaren aldeko apustua berretsi dute ordezkari jeltzaleek.

  Ildo horretan, betiere errespetutik eta herritarren beharrei erantzute asmoz, jeltzaleek proposamen ugari egin dituztela azpimarratzen da balorazio idatzian. Hala gogorarazten da EAJk 8 proposamen aurkeztu zituela 2024. urteko aurrekontu-proiektua hobetzeko: Kalezaharreko azken zatiaren berurbanizazioa, Aldakiñoko bidean segurtasuna hobetzea, Herribuseko 3. linea ezartzea, Musika Eskolaren kokapenen azterketa egitea, Bizikidetza batzorde bat sortzea, Arantzazuko komunak hobetzea, hiru informazio pantaila digital jartzea eta Kanpantxoko iturriaren egoera aztertzea. Bestalde, etxebizitza alokairuan jartzen duten pertsonei hobariak ematea ere proposatu zuen EAJk, udalerrian hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratu eta Oñatin alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko. Eta askotan eskatu du, baita ere, pankartak, kartelak eta pintadak kentzea, udalerriko ondare historikoa nabarmen hondatzen dutelako.

  Irisgarritasuna, etxebizitza politika, azpiegituren hobekuntza eta tokiko ekonomia bultzatzea dira EAJren udal taldearen jardunaren lehentasunezko ardatzak, balorazio idatzian zehazten denez. Kalezaharreko eta Musika eskolako proiektuak lehenestea eskatzen diote udal gobernuari eta 2024ko urtearen erdia jada igaro den honetan, aurrekontuetan jasotako eta oraindik hasi ez diren hainbat proiekturi lehentasuna emateko eskatu diote EH Bilduren udal gobernuari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!