Opari jasotako gurpil-aulki elektrikoa Pake Lekuko bazkide bati utziko zaio
Bidaurretako mojen oparia jaso dute Pake Leku elkartean, San Migel Parrokiaren bitartez. Gurpil-aulki elektriko berria da, estreinatu gabea, eta beharra duen bazkide bati lagatzea erabaki dute Pake Lekuko zuzendaritza taldekoek. Interesa duenak izen-abizenak eta telefono zenbakia Pake Lekuko tabernan utzi behar ditu, martxoaren 15a baino lehen.
Oparitan jasotako gurpil-aulki elektrikoaren lagapena nola egin zehazten ari dira Pake Lekuko zuzendaritzako kideak; oinarri batzuk prestatzen ari dira, eskaera bat baino gehiago jaso ezkero lagapena nola eta nori egin aurrez finkatzeko.
Ez da ohikoa halako opari bat jasotzea Pake Leku elkartean, bertakoen akorduan lehenengo aldia da. Oparitutako gurpil-aulki elektrikoa berria da, esan bezala, eta 3.000 euro inguru balio ditu. Mugikortasun arazoak dituztenentzat oso erabilgarria da baina maneiatzen ere jakin behar da, aparteko zailtasunik ez badu ere.
Halako aulki elektriko baten beharra duen Pake lekuko bazkideak, datuak elkarteko tabernan utzi behar ditu, martxoaren 15a bitartean. Izen-abizenak eta telefono zenbakia uztea eskatzen da eta jubilatuen elkarteko zuzendaritzako kideak eskatzailearekin harremanetan jarriko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!