ONNERA taldea hasi da garbigailu industrialen planta berria eraikitzen Garibai auzoan
Urrian iragarri zen Fagor Industrial moduan ezagutzen genuenak Fagor Professional izena hartzen zuela eta garbigailu industrialen sektorean urrats garrantzitsua emango zuela, planta berria eraikita. Lanak hasi berri dituztela zabaldu zen ostiral arratsaldean. Merkatuko garbigailu industrialen alorrean erreferente izateko eta bere posizionamendua indartzeko, neurri estrategiko moduan aurkeztu da Oñatin lantegi berria eraikitzea.
Proiektu berritzailea da ingurumenaren ikuspegitik, teknologia berriak erabiliko baititu produkzio-prozesuak eta energia-eraginkortasun mailak hobetzeko. Garibai auzoko showroomaren atzealdean egokituko den plantak Fagor Professionalen egungo fabrikazio eta logistika gaitasunak handitzen eta, ondorioz, enplegua sortzen lagunduko duela adierazi dute arduradunek. 17 milioi euro baino gehiago inbertituko da lantegi berrian.
Fagor Professionalek eta ONNERA GROUPek sukaldaritzarako, garbitegietarako eta hotz-sistema aplikatuen ekipamendurako soluzioak eskaintzen dituzte. ONNERAk merkatu eta herrialde ezberdinetako liderrak biltzen ditu: Fagor Professional eta Asber, Edenox, Efficold, Danube, Domus eta Primer markak. Mondragon Korporazioan dagoen talde globala da eta produktuak bost kontinenteetan merkaturatzen ditu. Munduan zehar estrategikoki banatutako 7 lantegi eta 2.500 profesional baino gehiago ditu.
Berriki urteko batzar nagusia egin du taldeak, besteak beste, 2022ko balantzea aurkeztuz. 380 milioi euroko fakturazioa izan zuten iaz, inoizko fakturazio-bolumenik handiena, eta horrek, Gipuzkoako enpresa-talde nagusienen artean kokatu du ONNERA GROUP. Taldeak nazioarteko bokazioa du; salmenta guztien % 68a nazioartean saltzen du. AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Latinoamerikan ditu merkatu nagusiak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!