Oñatiko udala

Ondasun higiezinen balio katastralen berrikuspen prozesua abian jarri du Foru Aldundiak

2016/05/24
Card image cap
Halako aurreko berrikuspen orokorra 2001ean egin zen

  Foru Aldundiak abian jarri duen berrikuspen prozesuaren helburua, ondasunen balio katastrala, ondasun horien merkatu balioaren % 80aren pareko izatea da. Horretarako, merkatu azterketa egin du Aldundiak. Azken urteetan ondasun higiezinen merkatuak gora behera ugari izan ditu eta Diputazioak, Gipuzkoa osoko ondasunen balio katastrala berrikustea erabaki du. Orain 15 urte, 2001ean egin zen oin hurrengo berrikuspen orokorra.

  Udalak, gaia aztertu du, berrikuspen prozesu honek zuzenki eragiten baitio. Aldundiak,udalerriak zona eta azpi zonaka banatuta, balio ponentzia ezberdina ematen die eta horren arabera, kalkulatzen da inguru bakoitzeko ondasunen balio katastrala. Horrek era berean, gune bakoitzaren merkatu balioa baldintzatzen du. Udalak proposatutako ponentzia horiekiko argibideak eskatu ditzake eta ados ez badago, alegazioak aurkeztu ere bai.

  Balio katastrala izaten da baita ere Udalak kobratzen duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren oinarrietako bat, bestea, Udalak berak jarritako tipoa. Gerta liteke beraz, balio katastrala igo arren tipoa jaitsita zerga merkatzea. Edo balio katastrala bere horretan mantenduta, tipoa igo eta zerga garestitzea. Udalak, ekaina amaierarako erabaki beharko ditu 2017ko Ondasun Higiezinen gaineko Zergan aplikatuko dituen tipoak ondoren Aldundiari jakinarazi beharko dizkio. Foru Aldundia bera arduratuko baita guztiaren berri zergadunei adierazten.

  Ondasun higiezinen bat duten zergadun guztiei balio katastral berria eta ordaindu beharko duen zergaren jakinarazpena bidaliko zaie Diputaziotik. Hori jasota, argibideren bat nahi duenak edo erreklamazioren bat aurkeztu nahi duenak, hartarako aukera izango du informazio bulego bat propio egokituko baita. Orain 15 urte egin zen bezala, hainbat informatzaile kontratatuko dira herritarren zalantzak argitu eta erreklamazioak egiten laguntzeko. Orduan, ehunka herritar hurbildu zen udaletxeko pleno aretoan kokatu zen informazio bulegora. Esperientzia hori gogoan, oraingoan ere bizpahiru informatzaile hainbat hilabetez kontratatzea aurre ikusten da. Baina hori, datozen asteetan zehaztuko da. Herritarrek, iraila- urria inguruan jasoko ei dute, daukaten edo dauzkaten ondasun higiezinen balio katastral eta ordaindu beharko duten zergaren inguruko informazioa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!