Oñatiko udala

Ondarearen Europako Jardunaldiak urriaren 19an iritsiko dira Oñatira

2024/09/26
Card image cap
“Auzolanaren fruituak Oñatin” eta “Erromesaldiak: Arantzazu” izeneko bisitak antolatu dira, goiz eta arratsalderako

  Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan, bederatzigarren urtez antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiok, lurraldeko hainbat herritako udal, elkarte eta kultur eragileekin elkarlanean. Kulturaren bideak. Donde conecta la cultura programaren baitan, 109 ekitaldi baino gehiago egingo dira Gipuzkoako 31 udalerritan, urriaren 2tik aurrera. Jarduera horiekin erakutsiko da nola historian zehar izandako truke, sare, harreman eta loturek laguntzen duten ondarea eraikitzen, komunitatea ondarearen eragile aktibo gisa aitortuta.

  Antolatu den jarduera programa 47 eragile baino gehiagoren lankidetzari esker osatu da. Ekitaldi mota ezberdinak antolatu dira: bisitak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, scape roomak eta abar. Trukea da aurtengo jardunaldien oinarri eta abiapuntua, horrela erakutsiko da trukeek nola eraiki duten gure kultura-ondarea eta nola jarraitzen duten gaur egun ere prozesu horretan eragiten.

  Oñatiko Turismo bulegoak hasieratik parte hartu du Ondarearen Europako Jardunaldietan eta aurten, herrian dauden kultur eragile ugari eta anitzen lanean jarriko du azpimarra, Auzolanaren fruituak Oñatin bisitarekin. Eragile horiek herriko bizitzan duten eraginaz berba egingo da, iraganetik abiatu baina gaur egun ere, eta etorkizunean, espero, auzolanak herrian duen garrantziaz jabetu gaitezen. Urriaren 19an eta eguerdian hasiko den bisita hau Turismo bulegotik abiatuko da.

  Arratsaldean, berriz, beste bisita gidatu bat izango da Arantzatzun, erromesaldiak abiapuntu hartuta. Izan ere, Arantzazu erromes bide sare baten helmuga da baina arkitekto eta artista ugariren topagune ere bai. Guzti horrek inguruko arkitekturan eta paisaian eragin du. AHIKU taldeak ondu duen Breviario de Aranzazu liburua oinarri hartuta, ibilaldia antolatu da santutegi inguruan, barruan zein kanpoan.

  Debagoienean Leintz Gatzagak, Arrasatek eta Bergarak ere bat egin dute ekimenarekin. Leintz Gatzagan Itsasotik basora eta basotik itsasora, gaztaren ibilbide komertzialaz arituko dira urriaren 5ean, Arrasaten, Hirigune historikoko armarriak ezagutaraziko dira, urriaren 19an, eta Bergaran, 5 bisita antolatu dira, Kultura eta uraren bideak, wolframaren bidaia, lorategien ibilbidea, zientzia eta arkitekturaren bideak konektatzen eta bidaia zientifikoa Laboratorium museoan izenburupean, urriaren 13, 19, 20, 26 eta 27an, hurrenez hurren.

  Aurreko urteetan bezala, ondarearen gaineko jardunaldi hauek Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundiek eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan antolatu dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!