Oñatiko udala

Ondare toponimikoa jaso eta herritarren eskura jarriko du Udalak

2023/07/19
Card image cap
EMUN enpresa kontratatu da lana egiteko

  Oñatiko ondare toponimikoa jasotzeko lana ez da berria, ez Udalarentzat, ezta gainontzeko erakunde publikoentzat ere. Eusko Jaurlaritzak Euskadi mailako datu bilketa egin zuen, Deustuko Unibertsitateko DEIKER institutuaren laguntza teknikoarekin, 1990-1991 ikasturtean. Orduan, Amaia Erostarbe ibili zen toponimoak batzen, udalaren, auzo alkateen eta beste hainbat herritarren lagungatzarekin. Gerora, toponimo horiek nola idatzi erabakitzeko lan-taldea sortu zen, Amaia Erostabe bera eta udaleko Euskara, Hezkuntza eta Hirigintza teknikariak tartean zirelarik. Informazio hori izan zen etxeetara banatu zen mapa toponimikoaren oinarria. Baina oraindik bada jaso gabe dagoen ondarerik eta komeni da jasotzea, lehen eskuko informazioa eman dezaken belaunaldia hil aurretik. Lan hirukoitza kontratatu du Udalak, herriko ondare toponimikoa jaso, orain arte egindakoa osatu eta herritarren eskura jartzea.

  EMUN enpresa kontratatu da Oñatiko ondare toponimikoa jasotzeko. 16 auzoetako alkate edo ordezkariekin harremanetan jarriko dira gaian aditu izan daitezkeen auzotarrak identifikatu eta, hauekin elkarlanean, orain arteko dokumentazioa errebisatu eta osatuko dute. Era berean, toponimo berriak herriko mapan lekutuko dituzte eta informazio hori udaleko web atarian dagoen mapa interaktiboan txertatuko da, edozein herritarrek kontsutatu dezan.

  Urtebeterako kontratua sinatu da EMUN enpresarekin eta aurrekontua 13.140 euro (+BEZ) da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!