Oñatiko udala

Oñatin ikasitako 93 gaztek unibertsitatera sartzeko hautaprobak izango dituzte bihartik aurrera

2024/06/04
Card image cap
(Arg: Jesús Signes)
Ostiral eguerdira arte luzatuko diren azterketak Eibarren egingo dituzte oñatiarrek

  Eta guztiek eraikin eta epai mahai berari dagokion aretoan egingo dituzte azterketak, 24. epaimahaiaren gelan, Eibarko ingeniaritza eskolan. Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak 93 dira guztira: 56 Txantxiku ikastolakoak dira, 21 Elkar Hezikoak eta 16 Oñati institutukoak. Guztiek, bihar 8:30tarako dagokien aretoan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin.

  Ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost izango direla: euskara, ingelesa, gaztelera, matematika eta Espainiako historia edo filosofiaren historia, aukeran. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota hobetzeko. Covid pandemia garaian jarri zen azterketa eredua errepikatuko da aurten, dirudienez, azkeneko aldiz eta horrek, erantzungo diren galdera aukerak bikoizten ditu, proba erraztuz. Aipagarria da, LOMLOE legearen arabera batxilergoa amaitu duten lehen ikasleak direla bihar unibertsitatera sartzeko hautaprobak egingo dituztenak.

  Oñatiko ikasleek Eibarrera joan-etorria egin dezaten bi autobus antolatu dira, bat ikastolakoentzat eta bestea, institutu eta Elkar Hezikoentzat. Izan ere, ikastolakoek bakarrik autobus bat betetzen baitute, 56 baitira. Ikastolakoen busa ikastolako geltokitik irtengo da bihar, etzi eta etzidamu goizean, eta institutuko eta Elkar Heziko ikasleena, berriz, postetxe aurrealdetik. Ordutegiak parekoak dira guztientzat, 7:15etan bihar eta 8:00etan ostegun eta ostiralean. Itzuli berriz, 13:00etan, Eibarren adostuko duten lekutik eta institutu eta Elkar Hezikoen kasuan, arratsaldean ere bai, azterketa ezpezifikoetara geratzen direnentzat.

  Izan ere, ikasle denek ez dituzte proba guztiak egin behar. Komunak diren eta, ondorioz, derrigorrez egin behar diren ikasgaiak daude eta ikasgai espezifikoak. Unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketak ostiral eguerdian amaituko dira.
Ekaineko deialdira aurkezten direnen gehiengo zabalak proba gainditzen du. Dena den, ekaineko lehen deialdiko azterketaldia gainditzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik aprobatzeko duenak hurrengo aukera, uztailaren 3, 4 eta 5ean izango du. Azterketen emaitzak ikasleek beraiek zuzenean ikusi ahal izango dituzte EHUren Sarbide plataformari esker.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!