Oñatiko udala

Oñatin ikasi duten 5 gaztek bihar hasiko dute unibertsitatera sartzeko ebaluazioa

2024/07/02
Card image cap
Ekaineko deialdira aurkeztu ziren guztiek froga gainditu zuten

  Azterketa egunen aurreko orduak urduritasun orduak izan ohi dira, etorkizuneko ikasketak egun on edo txar baten menpe dagoenaren sentsazioak sortzen duen urduritasuna. Gehienek ordea, proba gainditzen dute. Baina uztaileko ez ohiko deialdian aprobatzen ez duenak, hurrengo urtera arte itxaron behar du eta horrek ere, presioa sartzen du. Ekainean Oñatiko ikasle guztiek, 93k, gainditu zuen proba. Ez ohiko uztaileko deialdian, berriz, 5ek egingo dute unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketa, Oñati institutuko bik eta Elkar Heziko hiruk.

  Oñatiko gazteek Donostian izango dituzte azterketak, Ibaetako kanpuseko Ignazio Maria Barriola ikasgelategian; Elkar Hezikoek 3. Epaimahairi dagokion gelan eta institutukoek, 4.ean. Bihar goizeko 8:30tarako bertan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta selektibitateko matrikula ordaindu dutenaren agiriarekin.

  Unibertsitatera sartzeko ariketak hiru egunetan egingo dira, bihartik ostiralera arte. Lehenengo bi egunetan 18:00ak arte luzatuko dira probak eta ostiralean 12:45ak arte. Baina ikasleek ez dituzte azterketa guztiak egin beharko, fase orokorrekoak bai eta espezifikoari dagozkionak berriz, unibertsitatean ikasi nahi dutenaren arabera puntuazio berezia eskuratzeko hautatu dituztenak. Ekaineko deialdian bezala oraingoan ere unibertsitatera sartzeko probetan malgutasunez jokatuko da eta azterketa bakoitzeko A eta B aukeretako galderak modu ordenatuan nahasteko modua izango dute ikasleek.

  Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan 1.720 ikaslek hasiko dute bihar unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketaldia. Horietatik 5, Oñatin ikasitakoak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!