Oñatin ikasi duten 12 gaztek bihar hasiko dute unibertsitatera sartzeko ebaluazioa
Ikasturtea ekainean gainditu edota USEko emaitza hobetu nahi duten ikasleentzat da uztaileko ezohiko deialdia. Azterketa egunen aurreko orduak urduritasun orduak izan ohi dira, etorkizuneko ikasketak egun on edo txar baten menpe dagoenaren sentsazioak sortzen duen urduritasuna. Gehienek ordea, proba gainditzen dute. Baina uztaileko ez ohiko deialdian aprobatzen ez duenak, hurrengo urtera arte itxaron behar du eta horrek ere, presioa sartzen du. Ekainean Oñatiko ikasle guztiek, 88k, gainditu zuen proba baina zenbaitek nota hobetzeko helburuz errepikatuko dute azterketaldia. Horiezaz gain batxilergoa ekainean gainditu zuen 12 lagunek egingo dute lehen aldiz unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketa.
Oñatiko gazteek Donostian izango dituzte azterketak, Ibaetako kanpuseko Ignazio Maria Barriola ikasgelategian, 4. epaimahaiari dagokion gelan. Bihar goizeko 8:30tarako bertan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta selektibitateko matrikula ordaindu dutenaren agiriarekin.
Unibertsitatera sartzeko ariketak hiru egunetan egingo dira, bihartik ostiralera arte. Lehenengo bi egunetan 18:00ak arte luzatuko dira probak eta ostiralean 12:45ak arte. Baina ikasleek ez dituzte azterketa guztiak egin beharko, fase orokorrekoak bai eta espezifikoari dagozkionak berriz, unibertsitatean ikasi nahi dutenaren arabera puntuazio berezia eskuratzeko hautatu dituztenak. Ekaineko deialdian bezala oraingoan ere unibertsitatera sartzeko probetan malgutasunez jokatuko da eta azterketa bakoitzeko A eta B aukeretako galderak modu ordenatuan nahasteko modua izango dute ikasleek.
Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan 1.307 ikaslek hasiko dute bihar unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketaldia. Horietatik 12, Oñatin ikasitakoak dira, Oñati institutuko bost eta Txantxiku ikastolako zazpi.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!