Oñatiko udala

"Oñatin guztiok dugu deskantsurako eskubide bera!" izenburupean iritzi artikulua zabaldu du EAJren udal taldeak

2018/07/12
Card image cap
Tabernen ordenantza proposamen berriak zaraten kontrol zuzen eta automatikoa egitea ez duela jasotzen salatzen da

  Idatzian, Tabernen ordenantzari EAJren udal gobernuak 2008an egin zion egokitzapena ekartzen da gogora. Ostalaritza lokalen zarata maila erregistratu eta mugatzeko, zaraten kontrol sistema bat martxan jarri zen eta udal zerbitzuetara konektatu zela aipatzen da artikuluan. Sistemak zaraten kontrol eta inspekzioa automatikoa ahalbideratu zuela zehazten da, ordura arte bizilagunek jarri behar zituzten salaketak saihestuz. Baina inspekzio kontrolak 2011an amaitu zirela diote jeltzaleek, hau da, EH Bildu udal gobernura iritsi zenean.

  Azken 7 urteetan EH Bilduren gobernuak Tabernen udal ordenantza ez duela bete diote jeltzaleek, jarrera arduragabea leporatuz. Hala, oñatiarrak  Ertzaintzan salaketak jartzera berriro behartu direla gaineratzen da idatzian. Era berean, dituzten arazo eta kexak azaltzeko 5 urtetan bilera eskatu duten Kale Zaharreko eta San Antoneko bizilagunak alkateak oraindik ez dituela hartu salatu dute jeltzaleek.

  Bitartean, eta bizilagunei kontsultarik egin gabe, gobernu taldeak Taberna ordenantza proposamen berria aurkeztu duela dio jeltzaleen idatziak. Proposamenak udal zerbitzuetatik zaraten kontrol zuzen eta automatikoa egitea ez dela jasotzen zehazten da eta honenbestez bizilagunek salatzaile paperean jarraitu beharko dutela adierazten da. Ordenantza berriaren helburua zein den galdetzen du EAJren udal taldeak.

  Jeltzaleak ordenantza proposamen berriaren kontra daudela eta herritarren behar eta eskaerei egokitzeko gogor lan egingo dutela argitzen da idatzian. Era berean bi galdera konkretu zuzentzen dizkiote gobernu taldeari: ea tabernen ordenantzak zaraten arazoa nola konponduko duen eta deskantsurako eskubidea nola bermatuko duen. Amaitzeko, proposamen berriari alegazioak egitera animatzen dituzte  herritarrak, horretarako epea uztailaren 20an bukatzen dela gogoraraziz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!