Oñatiko udala

Oñatin esperimentatu zen Dikoma proiektuaren haritik Eko Lingua solas-jokoa sortu da.

2015/02/16
Card image cap
Hiru elementuk osatzen dute solas-joko berria.

  DiKomA proiektua Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak sustatu zuten. Helburua, hizkuntza-ekologiaren diskurtsoa sozializatu eta hizkuntza-komunitatearen sistema ahalmentzea zen. Proiektua hiru urtetan, 2012tik 2014ra  bitartean garatu zen eta egitasmoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oñati, Errenteria, Zumaia eta Bermeoko udalek parte hartu zuten.

  2013ko Euskararen Egunean, esaterako, Oñatin, Dikoma proiekturako lantzen ari zen materiala frogatu eta erabili zen ikasle nahiz herritarrekin euskararen inguruan egin ziren hausnarketa saiotan. Eta antzerako frogak egin ziren Oñatiren pareko euskal hiztun kopuru handia duten Bermeo edo Zumaian baina baita, errealitate soziolinguistiko oso desberdina duen Errenterian ere. Hori esperientzia aberasgarria izan zen proiektua garatzen ari ziren adituentzat.

  DiKomA proiektua garatu den urte adina fasetan gauzatu da: 2012an oinarriak zehaztu ziren, 2013an, parte hartze edo interbentzioa eta 2014an analisia eta proiekzioa. Hiru faseak beteta, DiKomA Proiektuaren emaitza gizarteratzeko moduan da. EkoLingua solas-jokoa sortu da. Edonoren esku dagoen solas-jokoa, ekolinguistikaren ezagutzan oinarrituta herritarren jabekuntzarako eztabaida irekia eta antolatua ahalbideratzen duen tresna da.

  Solas jokoa hiru elementuk osatzen dute: zeri buruz ari garen zehazteko hizkuntzen ekologiari buruzko Corpus teoriko-kontzeptual egokitua batetik, EkoLinguA solas-jokoa bera bigarrenik eta solas-jokoa esku-hartze programetan txertatzeko eta Jokoaren aplikaziorako prototipoa eta gida, hirugarrenik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!