Oñatiko udala

Oñatin erroldatutako 8.805 lagunek dute botoa eman ahal izateko eskubidea etzi

2024/06/07
Card image cap
Olakua eta San Lorentzori dagozkion lau hauteskunde mahaiak Natur Eskolan jarriko dira, estreinakoz

  Atzo hasi eta etzira bitarte egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan, botoa ematen lehenengoak Herbeheretako bizilagunak izan dira. Europako 27 estatuko herritarrek Europako parlamentua osatzen duten 720 diputatu aukeratu beharko baitituzte domeka ilunkara bitartean. Espainiar estatuak 61 eurodiputatu aukeratuko ditu etzi, 2019koaurreko hauteskundeetan baino bi gehiago.

  Europar hauteskunde hauek PSOE, PP edo ultraeskuinaren arteko indar neurketa moduan ikusten dituzte askok baina tokian tokiko alderdiek beraien ordezkapenean oinarritu dute nazionalitate txikien presentzia Europan. Denek, ordea, erronka berbera dute, hauteskunde hauetan izan ohi den abstentzio handiari aurre egitea.Oñatin, esaterako, orain bost urte, europar parlamenturako hauteskundeetan %28a abstentzio izan zen, baina udal hauteskundeen egun berean egin zirelako, maila handi batean. Deialdi bakarra izan zen 2014an, %53ko abstentzioa izan zen eta  %60koa, 2009an.

  Domekan, bozka ematera doazenek aukera ugari izango dute, 34 hautagaitza aurkeztu baitira. Hauteskunde hauek duten ezaugarrietako bat, hautagai zerrendak estatu osorako bateratuak edo berdinak izatean datza. Ez hori bakarrik. Europar Batasuna osatzen duten edozein herrialdetan jaio eta Oñatin erroldatuta egonik, botoa bertan eman ahal izango dutela, baldin eta noski, horretarako eskaera aurrez egina baldin badute. Eta era berean, hauteskunde mahaitan egoteko zozketan ere sartu ziren hautesle horiek. Horrekin erlazionatuta, gogoratu, 15 izango direla domekan herrian irekiko diren hauteskunde mahaiak eta bakoitzerako, presidente eta bi bokal titular eta bina ordezko izendatu zirela. Gaur arratsaldean, 19:00etan, presidente titular izateko izendapena jaso zuten 15 herritar horiek bilera informatiboa izango dute udaletxean.

  Baina hauteskunde zentro berri bat zabaltzea da domekak gurera ekarriko duen nobedade nagusia; San Lorentzo eta Olakuako auzotarrek Natur Eskolan bozkatuko baitute, lehenengoz aldiz. Urteetan Txiki Txokon eta Olakuako dorrean muntatu diren hauteskunde mahaiak Natur Eskolan kokatuko dira. Horren berri ematen duten jakinarazpenak jarri dira bi auzotako atarietan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!