Oñatiko udala

Oñatin erroldatutako 8.793 lagunek dute etzi botoa emateko eskubidea

2024/04/19
Card image cap
11 hautagaitza izango dira aukeran

  Horiek baitara Gipuzkoan aurkeztu direnak. Domekan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira eta Gipuzkoak, 25 ordezkari izendatuko ditu. Legebiltzarrerako hautagaitzak itxiak dira. Horrek esanahi du alderdiek aurkeztutakoak bere osotasunean bozkatzen direla. Bi oñatiar ikusiko ditugu zerrendetan: Marijo Etxegoien Arzuaga EAJren 10. hautagaia da eta Maialen Urzelai Azpiazu, EH Bilduren lehen ordezkoa. Arabako zerrendetan beste oñatiar bat aurkezten da: Alberto Alonso Martin, PSE-EEko laugarren hautagaia da.

  Domekako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea, espainiar nazionalitatea izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden adin nagusikoek dute. Guztira, Oñatin erroldatutako 8.793 lagunek eman ahal izango dute botoa etzi. Bakoitzaren bizilekuaren arabera Santa Marinako ikastetxera, Olakuako haurreskolara, Bidaurretako dorretxera edo Zubikoa kiroldegira joan beharko da botoa ematera.

  Oñatin, 15 hauteskunde mahai irekiko dira. Mahaiko presidente izateko izendapena jaso dutenek bilera daukate gaur, udaletxean. Presidente titularrentzat soilik den bilera honetan dokumentazioa banatuko zaie. Bilera, 17.00etan izango da udaletxean esan bezala. Presidente eta bokalek dagokien hauteskunde guneetan egon beharko dute domekan, 8:30ak baino lehen, mahaiak osatzeko baina baita hauen bina ordezkok ere. Hori da igandeko hitzorduaren berritasuna, hauteskunde mahaien osaketa akta presidente eta bokal titularrek eta ordezkoek sinatu beharko dutela. Domekan, hauteskunde mahaiak ireki orduko, posta bulegoan gordeta dauden botoak banatuko dira. 2020an, pandemia betean, posta bidezko botoa eskatu zutenen erdira ere ez da iritsi bozkatzeko bide hori hautatu dutenak. Guztira, ia 58.000 herritarrek eskatu dute postaz bozkatu ahal izatea.

  Orain lau urte, 2020ko uztailaren 12an egin ziren aurreko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, botoa emateko eskubidea zuten oñatiarren % 64ak bozkatu zuen. Emandako botoen, % 52a EH Bilduk jaso zituen; EAJk, % 37 eta PSOEk ia % 4a. Erkidego mailan Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen alderdi bozkatuena eta 31 legebiltzarkide lortu zituen. Bigarrena EH Bildu izan zen 21 ordezkarirekin, PSE-EE hirugarren, 10ekin, Elkarrekin Podemos laugarren, 6rekin; PP bosgarren 6rekin eta VOX seigarren, ordezkari batekin. Horrela osatu zen Gasteizko ganbara orain lau urte. Domekako hauteskundeen ondoren, XIII. legealdiko Legebiltzarra osatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!