Oñatiko udala

Oñatin bi hitzaldi eta irteera bat antolatuz ekin dio Goienagusik urteari

2024/01/09
Card image cap
Klima aldaketaz eta osasuntsu jateaz berba egingo da eta Gomiztegi eta Arantzazura bisita gidatua izango da

  Gurean hilero ohikoak diren bi hitzaldien eskaintza Arantzazura egingo den irteeraz osatu du Goienagusik urtarrilean. Hitzaldiak, 55 urtez gorako herritar guztiei zuzenduta daude; Gomiztegi baserrira eta Arantzazuko Santutegira egingo den bisita gidatuan parte hartzeko, berriz, Goienagusiko bazkide izan behar da eta izena eman behar da.

  Urtarrilaren 17an, Jon Saenz Agirre etorriko da, klima-aldaketaz argibideak ematera. Saenz Eguratsaren fisikan lizentziatua, fisikan doktore eta EHUn ikertzaile eta irakasle da, fisika sailean. Klima aldaketa, meteorologia eta ozeanoen eta atmosferaren arteko loturak ohiko ikerketa gai ditu.Klima aldaketaren atzean dauden arrazoi fisikoak azaltzen saiatuko da Santa Ana aretoan emango duen hitzaldian.

  Bi aste beranduago, urtarrilaren 31n, Silvia Zuluaga mediku eta nutrizionistak, osasuntsu jateari buruz berba egingo du. Jakinekoa da elikadura eta osasuna eskutik datozela baina zeri erreparatu behar zaio egoki elikatzen ari garela ziurtatzeko? Elikagaien etiketek ematen duten informazioaz eta osasuntsu elikatzeko kontutan hartu beharreko beste faktore batzuez argibideak emango dira, guztiz praktikoa izan nahi duen hitzaldian.

  Santa Ana aretoan, 10:00etan hasiko diren bi hitzaldiak, interesa duten 55 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta daude. Urtarrilaren 18an berriz, Goienagusiko bazkideentzat Arantzazura irteera antolatu da; 10:00etan Gomiztegiko artzain eskolara bisita egingo da eta 12:00etan, Santutegira. Plazak mugatuak dira, gehienez 40 lagunek parte hartu ahal izango dute eta izen-ematea zabalik dago, hilaren 15era arte. Izena, Goienagusiren web ataritik eman behar da. Bisiten prezioa 12 euro da eta Arantzazurako joan-etorria norbere kabuz egin beharko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!