Oñatin 4.409 garaje dago eta 82k, ibi iraunkorra edo vado txapa dute
Datozen egunotan jasoko dute gutuna aipatu tasen ordainketa helbideratu gabe dutenek. Idatzian dagokien tasa jakinaraziko zaie eta ordaintzeko bi hilabeteko epea dutela. Gehienek, hala ere, udal tasa hauen ordainketa helbideratuta, domiziliatuta dute eta kasu honetan, ordainketa gauzatu denaren agiria aurrezki kutxa edo banketxetik jasoko dute. Ordainketa kargua asteazkenean, irailaren 11n gauzatuko da, udal arduradunek adierazi digutenez.
Hiru dira bi hilabete hauetan zehar kobratuko diren udal tasak. Kopuruz ugarienak garaje eta hilerri tasak dira. Hauekin batera, zenbait garaje eta lokal sarrera libre gordetzeko emandako IBI iraunkorrari dagozkion tasak daude.
Garaje tasa, 4.409 jabek ordaindu beharko dute. Dirutan, Udalak 101.541 euro jasoko ditu tasa honen kobrantzatik. Kopuruz askoz gutxiago izanagatik, proportzioan diru sarrera handiagoa suposatzen duen tasa ibi iraunkorrari dagokio. Udalak, halako 82 ditu erroldatuta, iaz baino bat gehiago. Ibi iraunkorrari dagokio tasa ordainketatik 12.000 euro pasa jasoko ditu. Hilerri tasa erreziboak, berriz, 1.372 dira. Kasu honetan, tasa txikiagoa da, merkeagoa, eta 7.000 euro pasako diru sarrera ekarriko dio Udalari. Guztira, abian jarri berri den hiru tasa hauen kobrantzatik, udalak, 115.821 euro jasoko ditu, iaz baino 5.300 euro gehiago.
Garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkion udal tasak ordaintzeko borondatezko epea azaroaren 8ra arte luzatuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!