Oñatiko udala

Oñatiko10 lagunek bat egin dute Bergaratik abiatu den pentsionisten martxarekin

2023/05/22
Card image cap
Oñatiko pentsionista taldea Arrasaten
Gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko eskaera Gasteiza eramango dute

  Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako pentsionistak hiru zutabetan iritsiko dira Gasteiza, ostegunean, Legebiltzarraren aurrealdean amaituko den manifestazioan elkarrekin parte hartzeko. Gipuzkoako martxa Bergaratik abiatu da eguerdian eta oñatiarrek taldearekin bat egin dute, Elorregin. Eskaera, bat eta bakarra: gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzea.

  Alderdi politikoen esku jarri duen ponentzia egin du Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak. Dokumentuan zehazten denez gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte jasotzea posible da, egingarria da; urtean halako 14 ordainketa egiteko 230 milioi euro jarri beharko lituzke Eusko Jaurlaritzak, hau da, duen aurrekontuaren %2 inguru. Antzerako kalkulua egin da Nafarroan ere eta eskaera Hego Euskal Herri osora zabaldu dute pentsionistek. Hala egin zuten orain aste eta erdi hegoaldeko lau hiriburutan manifestazioak egiten eta hala errepikatuko dute ostegunean, maiatzaren 25ean Gasteizko kaleetan. Bitartean, hiru zutabe-martxa abiatu dituzte Bergara, Bilbo eta Aguraindik.

  Bergaratik 12:00etan abiatu den martxaren gaurko etapa Eskoriatzan amaituko da. 13:00 aldera Elorregira iritsi da eta bertan batu da Oñatiko pentsionisten taldea, norberaren gaitasunaren araberako kilometroak egiteko; batzuk Arrasaten geratu dira, beste batzuk Aretxabaleta edota Eskoriatzaraino iritsi dira. Ostegunean berriz, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko zutabeek bat egingo dute Gamarra inguruan eta azken kilometroak elkarrekin egingo dituzte, Legebiltzarraren egoitzaraino.

  Maiatzaren 25ean Gasteiza joateko autobusa antolatuko da. Aukera bikoitza eskaintzen da, azken manifestazioan parte hartu, edo, aurretik, zutabeek bat egingo duten lekuan geratu eta Gasteiz erdialderaino iristeko lau kilometroko ibilbidea egitea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!