Oñatiko Uri Batzarraren babesa jaso du Mª Eugenia Arrizabalagak, GBBko buru izateko
EAJren lurralde zuzendaritzak berritzeko prozesuan daude. Lehen itzulia amaitu berritan, Gipuzkoan lau hautagaik jaso dute batzokiren bateko babesa. Gehiengoa, % 75a, Mª Eugenia Arrizabalagaren alde agertu da. Oñatiko batzokiak ere, Joseba Egibarrek ahoz izendatu zuen oinordekoaren aldeko botoa eman du. Donostiako alkate Eneko Goiak botoen % 18a jaso du, bereziki hiriko batzoki batzuen babesa lortuta, GBBko kide den Imanol Lasak % 6a eskuratu du eta Bittor Orozek batzoki baten babesa izan du. Aurrera jarraitzeko, gutxienez, bi Uri Batzarren botoak behar dira, ondorioz, Oroz, bigarren itzulitik kanpo geratuko da. Goiak eta Lasak aurrera egiten ote duen ere argitu beharko dute.
Gipuzko Buru Batzarra aukeratzeko bigarren itzulia azaroaren 7tik 17ra egingo da eta Uri Batzarrak lehian jarraitzen duten hautagaien artean erabaki beharko dute. Oñatiko afiliatuek berriro bozketu beharko dute. Ikusteke dago, hala ere, zenbaten artean izango da bigarren itzuli hori, Goiak eta Lasak egiten dutenaren arabera. Mª Eugenia Arrizabalagaren asmoak argiak dira eta GBBren buru urteetan izan den Joseba Egibarren konfiantza eta babesa du. Lehen errondan, gainera, hautagai ofizialaren alde egin dute batzoki gehienek, baita Oñatikoak ere.
EAJren Gipuzkoako militanteak GBB osatuko duten 14 ordezkariak aukeratu ez ezik, lurraldeko justizia epaimahaiko hiru kide eta asanblada nazionalerako 19 ordezkari eta 6 ordezko izendatu behar dituzte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!