Oñatiko Udalak eta BAILARA enpresa elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur
Maiatzeko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Udala eta Bailara elkartearen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea. Bailara Industrial Network Enpresa Elkartea irabazi asmo gabeko elkarte bat da eta bere helburu nagusiak Debagoiena eskualdea ezagutzera eman eta eskualdeko balioak, industria-sarea eta ezagutza teknikoak indartzea dira. Eskualdeko eta, konkretuki, Oñatiko garapen sozio-ekonomikoa bultzatzean bat egiten du elkarteak Udalarekin, eta lankidetzan aritzea erabaki dute. 2024ko ekitaldirako lankidetza hitzarmena sinatu da gaur udaletxean.
Lankidetza hitzarmenaren babesean, lankidetza-estrategia publikoak eta pribatuak zehaztu eta aplikatzen lagunduko dio Bailarak Udalari, udalerriaren garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko. Udalerriaren etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiten eta udalerriko enpresen lehiakortasuna sustatuko duten politika publikoak egiten laguntzeko, bere esperientzia eta ezagutza eskainiko dio Udalari Bailara elkarteak. Izan ere, elkartearen helburua Debagoienako garapen ekonomiko, soziala eta ongizateari laguntzea da, enpresen lehiakortasuna hobetuz, marka, irudia eta eskualdeko erakargarritasuna sustatu eta Debagoieneko etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre eginez.
Industria arloko 16 enpresek bat egin dute jada Bailara elkartearekin baina hasi besterik ez direla egin azaldu dute elkarteko kideek; orain aste batzuk egin zuten aurkezpen ekitaldira 52ren bat enpresa ordezkari joan ziren eta orain, bakoitzarekin banakako bilerak egiten hasi dira, Bailara zer den azaldu eta enpresa berriak erakartzeko xedez. Zentzu horretan berba egin du Izaro Elorza alkateak eta Oñatiko enpresei ere elkartearekin bat egiteko gonbidapena luzatu nahi izan die. Gonbidapena industria arloko enpresa guztiei egiten zaie, izan kooperatiba, izan elkarte anonimo, haundi nahiz txiki eta edozein industria sektoretan dihardutenak.
Oñatiko Udalak 10.000 euroko ekarpena egin dio elkarteari, aenduaren 31ra arte iraungo duen lankidetza hitzarmenaren haritik. Halako hitzarmena sinatu duen eskualdeko lehen Udala da baina ez da azkena izango; beste udal batzuekin harremanetan daude eta laster hitzarmen berriak sinatzea aurreikusten dute Bailarako ordezkariek. Debagoieneko Mankomunitatea, Saiolan eta Garaia ere elkartearen kolaboratzaile dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!