Oñatiko Turismo Ekintza Plana aurkeztu da
Oñatiko Plan Estrategikoa osatu da jada, lehen diagnostikoaren ondoren zehaztu ziren 89 ekintzak kronograma batean kokatuta. 2021 eta 2025 urteen artean gauzatuz joango diren ekintzak bost ardatz nagusitan biltzen dira: gobernantza, gune turistikoa, produktua, marketina eta kode etikoa. Ekintza bakoitzaren lehentasun maila identifikatu da eta horren arabera zehaztu da noiz gauzatu. Lehentasuna, inbertsioa eta lankidetza erritmoaren arabera kokatu dira kronograman.
Oñatiko turismo eredua jasangarri eta inklusiboa izatean datza eta horri eutsiko zaio aurrerantzean ere. Barrualdeko herrien artean turismoa lantzen hasi zen lehen herria da gurea eta asmoa, erreferentzialtasun hori mantentzea da. Elkarlanean sakontzen jarraitzea ezinbestekotzat jo da, bai sektorean diharduten eragile eta profesionalekin eta baita gainontzeko erakunde publikoekin ere.
Epe laburrean egin beharreko lanen artean aipatu dira Sancti Spiritus erakina balioan jartzea eta beste baliabide batzuekin lotzea, Oñati turismo-marka definitu eta industria informazioa lantzea edota Turismo Helmuga Adimentsuaren ziurtagiria lortzea, besteak beste. Turismo Helmuga Adimentsua ziurtagiria estatu mailan zehaztu den metodologia baten aplikazioan datza eta Donostian, Gasteizen eta Bilbon inplementatu ondoren, eskualdetan txertatu nahi da. Debagoiena aukeratu da gainera esperientzia lehen aldiz probatuko duen eskualde pilotu moduan. Dagoeneko horretan lanean hasi direla aurreratu zuen Ikerne Altube udaleko turismo teknikariak, ekintza planaren atzoko aurkezpenean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!