Oñatiko udala

Oñatiko pentsionistak larunbatean Donostiara eta hilaren 22an oinezkoen martxan parte hartzera gonbidatu dira

2023/05/09
Card image cap
(Arg: Oskar Matxin Edesa)
1.080 euroko gutxieneko pentsioa aurten bertan ordaintzen hastea eskatuko dute

  Martxoaren 16ko Errege Lege Dekretuak ez ditu guztiz indargabetu pentsioen erreforma ezberdinek ekarritako aldaketak, pentsiodunen ustez. Horregatik, manifestazioak deitu dira larunbaterako hegoaldeko lau hiriburuetan eta oinezkoen martxa egingo da, bestalde, maiatzaren 22tik 25era Gasteiza. Bi ekintzetan parte hartzera gonbidatu ziren oñatiarrak, atzoko plazako elkarretaratzean.

  Aipatutako Errege Lege Dekretuak zehazten duenez pentsioak progresiboki jasoaz joango dira eta eskatutako 1.080 euroko pentsioak 2027an sartuko dira indarrean. Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak berehala aplikatzea nahi du eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapena hiriburuetara eramango du berriro. Larunbatean manifestazioak egingo dira Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. Oñatiarrak Donostiara bideratu dira eta 12:00etan Alderdi Ederretik abiatuko den manifestaziora joan-etorria egiteko autobusa antolatu da, eskualde mailan. Oñatitik Elorregiraino kotxetan joango dira eta izena Arrano tabernan eman behar da.

  Maiatzaren 25ean aldarrikapen bateratua egingo da Gasteizen, baina, aurrez, oinezko martxak egingo dira. Lau zutabe irtengo dira Bilbo, Iruña-Oka, Agurain eta Bergaratik, hilaren 22an, eta hainbat etapa beteta guztiek bat egingo dute Gasteizen, 25ean. Egunero, martxa-zutabe bakoitzean gutxienez 30en bat lagunek parte hartzea nahi da. Oñatiarrak, Bergara eta Eskoriatza artean maiatzaren 22an beteko den lehen etapara eta azken egunean Gasteiza deitu dira. Bergaratik datozen lagunekin Elorregin egingo dute bat oñatiarrek eta, bakoitzaren ahalmenen arabera, Arrasate, Aretxabaleta edo Eskoriatzaraino joango dira. Dozena bat lagun animatzea espero dute herriko antolatzaileek eta datorren asteleheneko elkarretaratzean eman ahal izango dute izena. Maiatzaren 25ean Gasteiza joateko ere autobusa antolatuko da. Aukera bikoitza eskainiko da, azken manifestazioan parte hartu, edo, aurretik, lau zutabeek bat egingo duten lekuan geratu eta Gasteiz erdialderaino iristeko lau kilometroko ibilbidea egitea. Argibideak asteleheneko plazako elkarretaratzean emango dira berriro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!