Oñatiko udala

Oñatiko pentsiodunek aurkeztutako mozioa aztertuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran

2018/03/22
Card image cap
Arantzazuko harrobiaren handitzea eragotziko duen Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa behin betikoz onartzea ere proposatuko da

  Gaur egingo da martxoko Osoko Bilkura. Hileko azken osteguna Aste Santuarekin etorriko denez, astebetez aurreratu da udalbatzaren batzarra. Lan zerrendan 28 gai jaso dira eta horien artean aipagarria da mozio gisa Oñatiko pentsionistek udalbatzari aurkeztu dioten proposamena. Urteko pentsioen %0.25eko igoera murritzak asko haserretu ditu pentsionistak eta kalera irten dira. Oñatin, astelehenero elkarretaratzea egiten dute plazan, pentsio duinak eskatuz. Beren ezinegona eta eskaerak idatzi batean jaso dituzte eta udalbatzari, mozio eran, onartu dezan proposatu diote. 

  Hiri Antolaketarako Arauen bi aldaketa puntual behin betikoz onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran: Dolaetxe areako eraikigarritasuna handitzeko bata, eta lurzoru urbanizaezinezko babes bereziko eta nekazaritza eta abelazkuntzarako zonen erabilera onargarrien ingurukoa, bestea. Azken honek Arantzazuko harrobia handitzea eragotziko du. Aldaketekin jarraituz, udal etxebizitza tasatua arautzeko ordenantzaren aldaketa ere proposatuko da.

  Martxoko Osoko Bilkuran bestalde, 2017ko aurrekontuaren likidazioa aurkeztuko da. Hiru hilabete pasa dira jada urtea amaitu zenetik baina azken fakturak ordaindu eta diru kontuak zuritu ondoren, aurrekontuaren likidazioa osatu berri da eta horren inguruko xehetasunak emango zaizkie udalbatza osatzen duten kideei arratsaldeko bileran. Bide batez, 2018ari begira, herriko hainbat elkarte eta erakunderekin lankidetza hitzarmenak sinatzea ere proposatuko da, hara nola, Oñatz dantza taldearekin, musika eskolarekin eta Atxintxiketan kirol elkartearekin.

  Enpresa berriak sustatzeko udal laguntzen oinarriak eta deialdia onartzea, Olaburuko enpresa ekimenetarako zentroko araudiaren behin betiko onarpena eta Olaburuko lokal bat erabiltzeko nahiz Olalan gunean kokatzeko eskaerak ere aztertuko dira, besteak beste. Osoko Bilkura19:30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!