Oñatiko udal ordezkaritzak parte hartzen du aurten ere Udaltop Topaketetan
Udaltop Udaletako Euskara zerbitzuen Topaketak X. edizioa hasi da gaur Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak lelopean, garrantzi berezia emango diote herritarren aktibazioari eta Euskaraldia bera ere oso present dago. Udaletako Euskara Zerbitzuetako langile eta euskalgintzan dabiltzan eragileei zuzenduriko topaketa da Udaltop, urterik urte arrakasta handia duena. 270 lagun bildu dira gaur, tartean, Oñatiko udaleko bi ordezkari, euskara teknikari eta batzorde burua.
Egitarau oparoa antolatu dute gaur eta biharko eta hainbat esperientzia eta ikerketaren berri emango da. Gaur, esaterako, aktibazioaren inguruko zortzi hitzaldi izango dira eta, tartean, Galesen hizkuntza-ohituren aldaketari buruz egindako ahalegina eta ulermena aktibatzeko metodologia berrien prestakuntza aurkeztuko dituzte. Biharko programatu diren sei hitzaldietan Euskaraldiari emango diote protagonismoa eta zenbait proposamen egingo dituzte: hizkuntza-ohiturak plano pertsonaletik kolektibora nola pasa daitezkeen, Bergaran izandako esperientzia eta abar. Gogoratu Oñatin Euskaraldia egin dadin talde bat jada lanean ari dela.
Aurtengoa pasa den edizioaren nolabaiteko jarraipena da, orduan ere Euskaraldiaren gaia aztertzen hasi baitiziren eta eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatu baitzuten. Oinarri hori, gainera, funtsezkoa izan da Euskaraldia hezurmamitzen hasteko, izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zuzendari Estitxu Alkortaren arabera, egitasmoa aurrera atera ahal izateko behar-beharrezkoa izan da eragile ezberdinen arteko lankidetza, eta aurtengo Udaltopek ere bide horretan ekarpenak egitea espero da. Zentzu horretan, Udaltopek jauzi kualitatiboa eman du, esperientziak trukatzetik eta hausnarketa sustatzetik, esperientziak elkarrekin abiatzera pasa baita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!